Datorren urtarrilaren 29an manifestazio nazionalak deitu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak, Iruñean eta Bilbon. Arrazoirik falta ez denez, dei egiten diogu Buruntzaldeako pertsona orori bertan parte hartu dezan.
Egoera garbia bezain latza da. Gazteok (eta orokorrean langile klase guztia) pobretzen ari gara: soldata baxuak, aldi baterako lanen normalizazioa, ezegonkortasuna, langabezia...Bitartean, kontrara, gure bizitza
geroz eta garestiago dago, eros ahalmena txikitzen zaigularik. Izan ere, oinarrizko beharrizanek prezio igoera nabarmena bezain gogorra eduki dute. Bertan aurki dezakegu Gazte Koordinadora Sozialistak dioen ofentsiba ekonomikoa. Krisi egoeratik irten nahian, bankari eta enpresari handiek langileriaren pobrezian sakontzen dute, nahitaez.
Aldi berean, ofentsiba ekonomiko bat ematen ari da, are eta arriskutsuagoa. Birus honen bueltan sortu den egoera baliatuz, neurri autoritario eta errepresiboak hartu eta zilegiztatu dira, hala nola: estatuaren funtzio are eta errepresiboagoa, indar polizialen areagotze bat, eskubide zein askatasunen etengabeko urraketa edota kontrol sozialean sakontzen duten neurri ez sanitarioak. Pandemiaren baitan hartu du estatuak tendentzia hori, baina pandemiaren gainditzearekin amaituko al da?
Honaino zera esan dut, laburki: pobretzen ari gara eta estatua, eskubide zein askatasunen murriztearekin, hori onartu dezagun bultzatzen ari da. Halaber, badaude erantzuleak. Bankari eta enpresari handien miseria kudeatu besterik ez dute egiten alderdi politiko guztiek. Beraz, zerbait ondorioztatzekotan, zera da: politikari profesionalen jokotik kanpo mobilizatzen eta antolatzen hasi behar gara.
Bide horretan dator aipatutako mobilizazioa. Norbere arazoez gain, modu bateratuan arazo orokorrei aurre egiteko unea da, datorkigun bizi eredu pobreari bizkarra eman eta denon interesak lehen lerroan jartzen hasteko. Lehenengo pausoa hasten da Bilbon, hilaren 29an.
Beñat Mendizabal Goñi
Gazte Koordinadora Sozialistako kidea