Abenduaren 10ean Urumeako urek gainezka egin zuten Hernaniko erriberetan eta, besteak beste, Zubipeko kirol instalazioak urez eta lokatzez estali ziren. Gainezka egindako urak eta lokatzak kalte material handiak eragin zituen bi futbol zelaietan, aldageletan, gimnasioan, bulegoetan, tabernan, argiterian, lan-tresnetan… Egoera latza eta negargarria, zalantzarik gabe. Klubaren zuzendaritzak abenduaren 12an lehen balorazioa egin eta garbiketa lanei berehala ekitea erabaki zuen.
Ez da egoera berria CDHernanirentzat. Aldian-aldian, Urumea ibaiaren altzoan egonik, bertako urek gainezka egin ohi dute eta Zubipeko kirol-instalazioetan kalteak eragiten dituzte. Berriro ere garbiketa eta txukuntze lanak egiten hasi behar izaten dugu. Elkartasun protokoloa abiatzen da horrelakoetan: batetik, Hernaniko udaleko teknikari eta arduradun politikoekin, egoera zer nolakoa den ikusi eta Zubipe txukuntzeko beharrezkoak diren enpresen kontratazioa abian jartzen da. Bestetik, CDHernaniko jokalari, entrenatzaile, guraso eta zuzendaritza kideei auzolanerako deia egiten zaie.
Badirudi, gaur egungo gizartean nagusi direla jarrera indibidualistak baina kasu honetan ikusi dugu, hori ez dela beti horrela izaten. Izan ere, 20 egun eskasean Hernaniko Udalaren laguntzaz eta CDHernani osatzen dugun guztion auzolanari esker, Zubipe berriro erabiltzeko moduan jarri baitugu. Honela, herriko gazteek, elkartasuna bezalako balioak oinarri hartuta, kirola eginez bizitzaz gozatzen jarraitzea posible bihurtu dugu.
CDHernaniren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu, Udaleko teknikari eta arduradun politikoei. Eta bereziki, egun hauetan guztietan, mangeraz, palaz, trapuz eta bestelako lan tresnez baliatuta Zubipeko instalazioak garbitzera bertaratu diren jokalari, entrenatzaile eta guraso guztiei.
Elkartasun uholde hunkigarria izan da. Zalantzarik gabe, elkarri lagundu gabe ez zen posible izango!