Haur eta gazteak zarete euskararen etorkizuna, helduok ez, bistan da (kar-kar txiki batez). Euskaraz mintzatzen ikas 'dezazuten' matrikulatzen zaituztegu D ereduan, guraso batzuek gogoz, beste batzuek badaezpada. Ikastexean, haur etxetik euskaldunak sakabanatuko zaituztete haur erdaldunen artean, horiei euskararako bidea errazteko. Ez du funzionatzen baina. Euskaldunek euskara bazterrera uztera behartuta ikusiko duzue zuen burua, eta beraz, erdaldunek ez dute euskaldunengandik laguntzarik jaso ahal izango.
Haur euskaldunak, kolpetik konturatuko zarete euskarak ez duela zuen ikaskideekin hitz egiteko balio (D ereduan ikasi arren guztiek), eta hobe duzuela gorde, zenbait ikaskideren isekak pairatu nahi ez badituzue. Zuetako batzuek sekulako kolpea hartuko duzue, zuen etxeko hizkuntza, irakaslearena bai, baina beste inorrena ez dela konturatzean. Tira, pasako zaizue. Denborak sendatzen du dena (orbainak orbain).
Haur euskaldunen sakabanatze sistematikoa ohitura bihurtu da, eta ohiturak errespetatu behar behar dira, zein ulergaitz gertatzen diren ere.
Ohitura bilakatu denez, guraso erdaldunek bakarrik ez, guraso euskaradun askok ere erdaraz egingo dugu gure artean, baina zakurrari eta etxeko txikiei (10 / 12 urteak bete arte) euskaraz egingo dizuegu, eta euskaraz egin dezazuen exijituko sarri.
Euskarazko ETB-n ez duzue saio interesgarririk aurkituko, baina lasai, españolezko ETB-n bai. Netflix, Disney eta halakoetan euskarazko eskaintzarik ez, baina españolez, ingelesez, frantsesez… aspertu arte. Mugikorrean ordu luzez murgiltzen zaretelarik, euskarazko eduki erakargarririk nekez aurkituko duzue, baina españolez, frantsesez, ingelesez… motxila betea. Euskarazko musika entzun nahi baduzue, beste bide batzuk jorratu beharko dituzue (Naiz irratia, Hala bedi,…), EiTB-n musika ingelesez baita gehien bat, oso koxmepolittak gara!
Kiosko eta liburudenda gehienetan ez bilatu euskarazko komikirik, ez daude. Denda jakinetara jo beharko duzue horien bila. “Euskal” denda horietan aurkituko dituzue euskarazko ale batzuk, erdarazko eskaintza askoz zabalagoaren artean.
Hedabideak bakarrik ez. Kaleko paisajea ere erdaraz daukazue %90ean, eta horrek lagunduko dizue ulertzen gizarte honetan euskaldunon tokia zein den. Ez dizue inork azaldu? Nomelopuedodecreer! Bigarren mailako herritarrak gara gure herrian, bai.
Hori da (ez) dagoena. Ez daukazue batere erraz euskaraz elikatzea, baina guraso askok, euskalgintzak eta Eusko Jaurlaritzak berak, euskaraz egin dezazuen eskatuko dizuete sarritan. Eta zeregin (oso zail) horretan, laguntza gisa, urtean hiruzpalau ekitaldi handi antolatzen dituzte, horietan sikiera euskaraz estuasunik gabe egiteko aukera izan dezazuen. Eta hori bakarrik ez… Txapa eta pin polit askoak dauzkate prestatuta, bai zuentzat, bai zuen gurasoentzat ere, euskaraz egitera animatuz. Ez zarete kexatuko gero!
Baina haurrok, euskaraz bizitzea ezinezkoa gertatzen bazaizue, ez kezkatu! «Aniztasunaren» hobe beharrez, españolez edo frantsesez jardun dezakezue lasai asko. Euskal Herrian, oro har, «aniztasuna» eta «kulturartekotasuna» esaten baitzaio marokoarrek, saharatarrek, errumaniarrek, portugaldarrek, galiziarrek, txinatarrek…. edota euskaldunek, españolez Hegoaldean eta frantsesez Iparraldean egiteari. Baita D ereduko ikastetxeetan ere.
Badira heldu temoso batzuk, egoera hau deskribatzeko akulturazioa, asimilazioa, menpekotasuna edo hizkuntza ordezkapena bezalako hitz itsusiak darabiltzatenak, baina lasai berriro ere, gehienok koxmepolitak eta kultura hegemonikozaleak gara eta!
Eta finean, erdaraz bada ere, beti egin dezakezue «ongi pilotan eta oneski dantzatzen».