Egungo errealitatea oso gordina da. Herritar asko eta asko hipoteken bitartez banketxeen urte dezentetarako zorpetuta, itota, etxebizitza jabetzan izatea luxu bihurtuta. Eta kasu, ordaintzen ez baduzu, desahuzioaren mamuak atea joko baituzu. Etxe bat alokairuan bilatzea geroz eta zailagoa, kasik ezinezkoa bilakatzeraino, izan hilabetero eskatzen duen kantitateengatik, izan fiantzarik ordaintzeko dirurik ez dugulako... Egoera bereziki zaila, beraz, gazte, emakume eta atzerritarrentzat, batez ere... Prekarietatearen aurpegia duten herritar horientzat alegia. Hauxe da herri burujabetzarako jardunaldietako mahainguruan etxebizitzaren arloari buruz egiten genuen irakurketa.
Noiz arte jarraituko dugu horrela?
Noiz arte onartuko dugu eskubide izan beharko lukeena merkatuaren logikaren eta espekulazioaren sareetan egotea?
Espekulazioari bizkarra eman eta herritar guztion beharrizana dena, bilaka dezagun behingoagatik eskubide. Bilatu, asmatu, eztabaidatu dezagun, elkarrekin, bidea eginez, ondotik proiektu zehatzak definitu eta garatzeko.
Alternatiba errealak behar ditugu, alokairu publiko sozialak bermatzeko bidea egin behar da, okupazioa despenalizatzeko pausoak emateko tenorea da, deshauzioekin amaitzea ezinbestekoa da... Herritarrak, eragileak, antolatu gaitezen. Horretarako, datorren abenduaren 16an, osteguna, arratsaldeko 18:00etan Biterin antolatu dugun batzar irekira gerturatzeko gonbita luzatzen dizuegu.
Eman dezagun pausoa eraldaketara!
Ekhi Jauregi Beizama
Txaro Untzilla Atxotegi
Gorka Nabarro Patterson
Axel Azpiolea Iradi
Mikel Otxotorena