Datozen ostiral eta larunbatean, Kontseilu Sozialistatik etxebizitzaren arazoa lantzeko jardunaldiak antolatu ditugu, bide horretatik etxebizitzaren arazoari aurre egiteko oinarriak jartzeko asmoarekin. Etxebizitzaren arazoak adierazpen asko ditu (gazteen emantzipatzeko ezintasuna, alokairuen garestitzeak, kaleratzeak, bizitzeko laguntzak jasotzeko ezintasuna...), baina guztiek dute sustrai bera: badira etxebizitza beren onura ekonomikorako erabiltzen dutenak eta, bestalde, bizirauteko etxebizitza bat behar dutenak.
Arazoari aurre egiteak, lan ildo eta taktika desberdinak eskatzen dituenez, nahitaezkoa da auzia ondo kokatzea; etxebizitzak kapitalismoaren baitan zein funtzio jokatzen dituen argi ebaztea. Horretarako, ostiralean (azaroak 12) 18:30ean Buruntzaldeako datuak oinarri hartuta etxebizitzaren egungo analisi orokorra egingo da.
Larunbatean 10:30etan, Gasteizko Etxebizitza Sindikatua gonbidatu dugu euren esperientzia mahai-gainean jarri eta etxebizitzaren aldeko borrokan erabilgarriak izan daitezkeen zenbait ondorio ateratzeko helburuarekin. Bertan, etxebizitza sindikatua sortzea posible egin zuten baldintzak eta jardun sindikala ere landuko dira.
Ondoren, 12:00etan Erraki langile kontrolpeko espazioen babes sareak, okupazioaren kontrako ofentsiba eta honek langile kontrolpeko espazioetan (gune autogestionatuak, etxe okupatuak…) izan dituen ondorioak aztertuko ditu, hala nola “desokupa” bezalako fenomenoen funtzioak azalduz.
Jardunaldi hauetan, etxebizitzaren arazoa lantzen duten eragileak, zein arazo hau landu nahi duten pertsonak bilduko gara, elkarrekin antolatuz gure interesak defendatzeko. Hau da, indarren batasunari esker, aurre egingo diogu kapitalaren egungo ofentsibari, baita etxebizitzaren auzian ere. Beraz, bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.