Urriaren amaieran bukatuko da Hernaniko Udalak Santa Maria Magdalena adinekoen egoitza eta eguneko zentroaren kudeaketa. Hainbat hamarkadaren ondoren, legeak hala aginduta, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatuko ditu bi zerbitzuak hemendik aurrera.
Eskerrak luzatu nahiko nizkieke, batetik, bi zerbitzu hauengan konfiantza jarri duten milaka herritarrei eta euren familiartekoei eta, bestetik, lanean aritu diren eta jarraituko duten langileei. Profesional hauek egindako lana izugarria izan da urte hauetan guztietan, eta, bereziki, hain gogorra izaten ari den COVID garaian ere.
Zerbitzu hauek eskualdatzeko Foru Aldundiarekin egin dugun prozesua luzea izan da. Udalak helburu bat argi izan du beti bilera horietan: kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzea. Eta horretan aritu gara lanean. Horren harira azpimarratu nahi dut, azken urtean sortu eta finkatu ditugun plaza publikoak. Bidea gogorra izan da. Oztopo asko jarri dituzte alde askotatik, tartean orain publikoki eta prentsan poza azaltzen ari direnak ere. Baina guztiak gainditu ditugu eta kalitatezko zerbitzuak eskualdatuko ditugula esan dezakegu.
Egoitzari eta Eguneko Zentroari agur mezu bat da hau. Bertan jarraituko dute orain dauden langileek. Beraz, etxea esku onetan geratzen da. Gorabeherak gorabehera eta momentu gogorrak bizi izan arren, niretzat plazer bat izan da azken 5 urte hauetan etxe honetako presidentea izatea. Nostalgiarekin baina lan ona eginaren poztasunarekin, agur.
Hernani, 2021eko urriak 29.
Xabier Lertxundi Asteasuinzarra Alkatea-Presidentea