Zein gustura jaten ditudan eta zer zapore goxoa duten nire auzoan dagoen baserritarrari zuzenean erosten dizkiodan barazkiek; eta arrautzek ere zelako kolorea duten; baina abeltzainak traktoreekin ikusi nituen lehengoan, protestan, ezin dutelako horrela jarraitu; nazka-nazka eginda nago Iberdrolari dirua emateaz, alokairuan bizi nahi eta ezinaz, eta bizilaguna ere halatsu dabil Kutxabanki hipoteka eta interesak ordaintzeaz; jendea zaintzen egiten dut lan egun osoan eta miseria bat dut lansaritzat, beltzean; goizeko seietan, ilunetan, lanera noanean, gogor eusten dut eskuan daramadan aerosola, badaezpada; inguruko basoetan ibiltzea atsegin dut, baina eukaliptoarekin dena pikutara joateko arriskua dagoela entzun dut; eta, gainera, askotan bakarrik joaten naiz nire lagunak eta ezagunak Urbilen eta Garberan ibiltzen baitira lanik egiten ez dutenean; lehengoan, osasun arazoak izan nituen eta telefonoz artatu ninduten, eskerrak ondoko eraikineko amonak sendabelarren bidez lagundu zidan; zergatik ez ote dute jakintza hori eskoletan erakusten?; Aurrekoan, lagun batzuk elkartu ginen kirola egiteko, baina niri ez zidaten baloia pasatzen, txarra omen naiz eta irabaztera joan omen ginen; sortzailetzat dut neure burua, baina ez daukat toki fisikorik sormena garatzeko eta egiten dudan hori partekatzeko; badirudi, ekoizten dudan produktua ez dela errentagarria... Bakoitza beretik; eskuz esku, elkarrekin eraginez. Jendarte estuagoa lortzeko bidean, zatoz urriaren 22an eta 23an, Iturolan egingo diren herri burujabetza jardunaldietara! Eta ezingo bazenu, lasai egon, egongo dira eta informatzeko, parte hartzeko, eragiteko, aukera gehiago.