Andoni Amonarraiz Gómez
Hernaniko EAJ-PNVko bozeramailea
Nahiz eta herriaren gehiengoa ez izan, gutxi batzuek Herria zurekin erabiltzen zuten garaiak bizi izan ditut.
Ni hezi naizen kultura politikoan eta asoziatiboan, gehiengo hitza erabiltzen dugu pertsona ezberdinen arteko inpresioak kontuan izan direnean eta ondoren bozkatu egin denean.
Azken 14 urteotan, arimara iristen ari zaidan esaldi bat entzuten ari naiz behin eta berriz: «Udalak erabaki du...». Esaldi hori, gehienetan, gaizki erabilia dago. Azken adibidea da, Hernani Burujabe dokumentua, Hernaniko Udalaren izenean aurkeztu dutena.
Ez digute EAJ-PNVren iritzia galdetu, eta ez gaituzte gonbidatu EH Bilduk proiektu hau martxan jartzeko eta forma emateko egin zituen bileretan parte hartzera. Udal hau osatzen duten gainerako alderdi politikoek ere ez dute parte hartu dokumentu honetan; beraz, ez da Udalaren proposamena, EH Bildurena baizik. Orain, proiektuaren garapena gizarte-eragileei eta ekonomia-sareei irekita dagoela diotenean, nori buruz ari dira, bere ingurukoez bakarrik?
EAJ-PNVn ez gara proiektu honen parte sentitzen eta ez dugu bertan hartutako erabakien inguruko obligaziorik. Ez dugu proposatutako kudeaketa estruktura konpartitzen, eta ezta proiektua kooperatibentzat soilik izatea ere. EAJ-PNVren ustez, egitura guztiek izan dute, dute eta jarraituko dute izaten lekua gure herriaren garapenean, eta babes bera izan beharko lukete Udalaren aldetik; izan herritarren ekimenak, banakakoak edo komunitarioak; autonomoak; sozietate anonimoak; sozietate mugatuak; kooperatibak; eta abar.
Hernaniren garapena modu ezberdinean ikusten dugun bi alderdi politiko gara.