Iraila iritsi da eta kontxo, erabiltzaileen, eragile sozialen eta Hernani eta Astigarragako udalen kexek, protestek eta eskaerek Diputazioa mugiarazteko balio izan dutela argi dago.
Astegunetan Aieteko autobusen maiztasuna areagotu da, 20 minuturo dira orain ( baina gogoratu aurretik 15 minuturo zirela), eta Astigarraga-Donostia zerbitzuan hobekuntza garrantzitsuak lortu dira. Egia da. Uztailean egindako triskantza leundu da baina azken finean erabiltzaileek galdutakoaren zati bat bakarrik berreskuratu dugu.
Asko dago hobetzeko, geltoki batzuk modu arbitrarioan ezabatu dituzte: Gune eta Rekaldekoa adibidez. Asteburuetan zerbitzuen maiztasuna oso eskasa da eta esaterako larunbata eta igandetan eguerdiko 14:00etatik 15:30etara Aieteko linean zerbitzua ez da eskaintzen. Erabakia erabat absurdoa eta zentzugabea.
Beraz ez gaitezen konformatu, gure udalek Diputazioa presionatzen jarraitu behar dute, erabiltzaileek Lurraldebusera kexak eta eskaerak egiten jarraitu behar dugu, modu batean edo bestean bultzatu dezagun garraio publikoaren aldeko benetako konpromisoa. Hori da bidea.