Bizitza bezala, gure herria etengabe aldatzen ari da. Etabizitzan bezala ez beti onerako. Jende askorengan Bodega zenak itxita ikusteak hasperena sakon bat sortzen du, beste batzuk Onddi tabernarekin oroitzapen ederrak dituzte. Osiñagan jaio garenok Zikuñagako ermita gure bizipenetan iltzatuta dugu.
Gizakiaren eraginez, istripuengatik edo uholdeengatik gure ondareak kalte handiak jaso ditu. Elorrabiko zubia desagertu eta berreraikia izan da, Txurianekoa hondatuta dugu eta haurtzaroan gure piszina ziren labaderoak desagertzeko zorian daude. Zikuñagako ermita ere betirako eraitsita izango genuelakoan zirudien, horregatik, neurri batean bada ere, Atzietasetik eraikin horren soslai ezaguna berragertzen ikusi dugunean nere baitan oroiminez jositako poza nabaritu dut.
Soberan dago esatea erlijioarekin zer ikusirik ez duten sentimenduak izan direla. Familiarekin, joandako auzokideekin, anai-arrebekin lotutako oroitzapenak dira. Horregatik, Zikuñagako ermitaren ingurune berri horretan egingo diren jai, erromeri eta ekitaldiekin pentsatzerakoan nolabaiteko poza, sentitu dut. Azken finean, herri bat bere espazio fisiko eta sinbolikoekin osatuta dago eta horietako bat berreskuratzeko bidean dagoela ikustea, pozgarria egiten zait. Albiste ona bai, gure herrirako eta norberaren historia txikirako.