Iñaki Larragañari esker onez Hernanitik

Erabiltzailearen aurpegia Malores Etxeberria Arrese 2021ko uzt. 7a, 00:00

Uztailaren 3an zendu da Iñaki Larrañaga, Hernaniko adin nagusikoek herriko apaiz gisa ezagutuko zutena, Hernanin egon baitzen apaiz, Ramon Iruretagoienarekin batera, 1962tik 1964ra bitartean.

Lazkaotarra jaiotzez, 1957an apaiztu zen Donostiako Seminarioan, gurasoen ez oso gustuko bideari ekinda. Euskaltzale amorratua, isilean jardun behar izan zuen, elizako buruek euskararen oso aurkako jarrera zutelako. Behin baino gehiagotan zigortu zuten Larrañaga, eta apaiztu gabe uzteko zorian ere egon ziren.

Apaizgaitegian ikasitako filosofiak eta teologiak euskal gizartearekiko zituen kezkak asetzen ez zizkiotela-eta, 1958-62 arteko urteak Parisen igaro zituen Soziologia ikasten, Unibertsitate ka­tolikoan lehen bi urteak eta Sorbonan beste biak. Ramon Iruretagoiena apaizkidea, berriz, zien­tzia politiko eta ekonomikoetan lizentziatu zen.

Larrañagak eta Iruretagoienak Hernaniko parrokian eman zituzten 1962tik 1964ra bitarteko urteak eta urte horietan hierarkiaren eta agintarien oso gustuko izan ez zen bertako azterketa soziologikoa egin zuten. Aldi berean Donostian gizarte laguntzako eskolan klase ematen aritzen ziren Larrañaga eta Iruretagoiena. Ikerketaren emaitza  Hernani 1962 liburuan argitara eman zuten 1964an.

Geroztik Itsasondoko parrokian egon da. Lorenzo Bereziartua apezpiku izendatu berriak  Iruretagoiena Irunera, eta Larrañaga Itsasondora bidali baitzituen zigortzeko asmotan.

Hernani 1962 liburua Hernaniren 1962ko argazki osatua da, Hernaniko egoera demografikoa eta haren bilakaera, immigrazioaren eragina, auzoz auzoko azterketa, aktibitate ekonomikoa, industriaren eta nekazaritzaren bilakaera, biztanleen ezaugarri sozialak eta linguistikoak etab. biltzen dituena. Argazkiaz gain, hurrengo urteetarako proiekzioa egiten du, betiere kategorizazioetatik aldenduz eta oso berea zen apaltasunetik, baina batere okerrak suertatu ez diren prospekzioak.  Soziologia eta soziolinguistika arloko ezagutza sakona zuela erakusten du liburuan, eta oso interesgarria da ikustea duela 60 urte (datorren urtean beteko dira) zer nolako metodo zehatza erabili zuen Larrañagak azterlan hori egiteko eta zenbat herritar bolondres mobilizatu zituen, diziplina eta metodo zorrotz batekin, informazio guzti hori bildu eta ustiatzeko.

Liburuaren pdf-a honako lotura honetan eskura daiteke: ondarea.hernani.eus/hernani/liburuak/Larranaga-Iruretagoyena,%20Hernani%201962.pdf

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!