Gauza batzuk ezin ditugu isildu, eta are gutxiago publikoki baloiak kanpora botatzen direnean eta kaleko kudeaketa txarraren akatsak onartzen ez direnean. Pandemia hasi zenetik gaur arte babestu dugu EH Bildu. Ezinezkoa da babesten jarraitzea.
Uste dugu, denok nahi dugula kalera atera eta gure lagun eta senideekin bildu, baina pandemia gainean dugu, eta kalea ez du ondo kudeatu EH Bilduk.
Badakigu ez dela erabaki popularra edo herrikoia herritarrak modu masiboan biltzea eragoztea, baina horrela saihestuko ziren gaur egun dauzkagun kutsatzeak. Ez da polita, baina hori egin behar zen. San Joan jaia kaosa izan da eta, egunez egun, telebistan edo argazkietan denok ikusi ditugun kontzentrazio masiboak gertatzea ahalbidetu da. Egunez egun kaosa baimendu da.
Antzeko kaosa, ez hain basatia, gertatu da larunbatetan Tilosetan. Nik ekainaren 3an eman nion horren berri alkate jaunari, eta zera erantzun zidan: «udaltzainak ahalik eta hobekien kudeatzen saiatzen ari dira». Baina larunbatetik larunbatera, gauza bera gertatzen jarraitzen zuen.
Argi utzi nahi dugu, EAJ-PNVkook badakigula udaltzainek ez dutela errurik egoera horien gainean egiten ari den kudeaketarekin, gure erabateko babesa dutela, eta Udaltzaingoaren jardueraren erantzukizuna dela nola eta noiz jokatu behar den agintzen dutenena.
Asteazkenean, bizilagun batek izena jarri zion alkatearen jokabideari: «Ayusorena egiten aritu da» (beste alde batera begiratu, eta arreta Osakidetzara bideratu zuen).
Hernaniko kaleetan gertatzen denaren eskumena, alkatearena eta gobernu-taldearena da.
Andoni Amonarraiz Gómez
Hernaniko EAJ-PNVko
Udal bozeramailea