Charo Romanen erailketatik 10 urte

Erabiltzailearen aurpegia Jasota Bezala 2021ko uzt. 2a, 00:00

Azaroaren 25 indarkeria matxistaren kontrako eguna dugu, kaleak oihu eta aldarriz betetzen ditugu; Hernanin ordea, egun hori bezain seinalatua dugu uztailaren 3a ere, Charo Roman herrikidea erail zuten eguna baita.

Bertatik pasatzen garen bakoitzean, bizitza bat (irrifar handi bat) galdu genuela gogorarazten digu morez margotutako aulkiak. Herriaren erdigunean dago, indarkeria matxista gure egunerokoan noraino sartuta dagoen gogorarazi nahi baligu bezala.

Harrezkero, urtero-urtero (au­rretik beste hainbat emakume eta mugimenduk bezala) #ErailketaGehiagorikEz!, NiUnaMenos! edo Eraso Sexistarik Ez! oihukatuz jarraitu dugu kalera ateratzen; egutegian seinalatutako egunetan batzuetan, Euskal Herrian erailketa bat gertatu denetan, eta herrian eraso baten berri izan dugunetan ere.

10 urte dira Charo Roman herrikidea erail zigutela aulki horretan bertan. Indarkeria matxistak etenik ezagutu ez duen 10 urte. Ezin dugu esan egoerak eta kasuek hobera egin dutenik, azken aste eta hilabeteetako datuek baieztatzen duten moduan.

Azken 10 urteetan bezala, guk kalean jarraituko dugu indarkeria hau guztia salatzen, eta datorren larunbatean 12:30ean Charoren senideekin batera antolatutako ekitaldira gonbidatu nahi zaitugu.

Kalean jarraituko dugu denok aske izan arte!

 

Ixiar Pagoaga, Fatima Nciri eta Maitane Barrenetxea (Hernaniko Berdintasun Kontseiluaren eta Hernaniko Koordinadora Feministaren izenean)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!