Ander Larretxea Mendiola
Sortuko Presoen Batzordeko kidea
Hernani... Gazte arruntaren koplak, Chill Mafia.
Eibar... Itzali ezin, Glaukoma.
Santurtzi... Eh txo!, Hertzainak.
San Vicente de la Barquera... musikarik ez, sekulako euri jasa. Izua.
Ribadesella... Oreka, Berri Txarrak.
Villabona... Mendigoxaliarena, Eñaut Elorrieta.
Ez, ez dizuet nire 'bihotzeko fonoteka' zerrendatu. Lasai, horko bat baino gehiago ez litzateke-eta bertan egongo bestela (izenik eman gabe). Badakizue, Spotifyren algoritmoa.
Villabonako (Asturias) espetxera bidean pasatako herrietako batzuk aipatu ditut. Eta hortxe heldu naiz helmugara, Mendigoxaliarena topera, 'petatzen'. Michem ostatuko gelan maletak utzi lehenik; ondoren katxopo erraldoi bat afaldu, sagardoz bustia, zer bestela Asturiasen! (gezurra; nire afaria, alkatxofak eta ura); eta, behin tripa ondo beteta, lotara; bihar goizean bixita tokatzen da-eta.
«...Berrogei minutu, milaka taupada...» Joder, fuerte sartu zait ba Elorrieta!
Eta bueltakoan, berriro ere, buruko kezkei banda sonora jarriko dion musika entzun eta izen exotikoko herriak ikusi, zein baino zein xelebreago. Eta buruari bueltak eta bueltak… «joño, ilea urdinduagoa ikusi diot», «esan beharreko guztia esan al diot?», «benetan ondo dago edo lasaitzeko esan al dit?».
Eta kezka horiek ez dira bat-batean burutik joaten…
Historia kolektibo baten bizipen indibidual bat kontatu nahi izan dizuet, motzean. Tartean umorea egin arren, egoera benetan larria dugu: herriko hamalau lagun, maitale, guraso edo seme-alaba ditugu barrote artean oraindik ere. Hamalau istorio astebururo; beldurrak eta buruhausteak tartean. Hori bai, gehiago izaterik ez dugu nahi, gatazka politiko honen ondorioen konponbidearen bidean aspaldi kalean behar bailukete.
Horregatik, azken euskal preso, iheslari eta deportatu politikoa etxera ekarri arte kalean jarraitu behar dugu, ekimen eta mobilizazio desberdinak antolatuz eta haietan parte hartuz. Mobilizaziorik gabe ez dugulako lortuko estatuak mugitzea.
Hurrengo hitzordua, ekainaren 23an, 19:00etan, Gudarien Plazatik manifestazioa.
Euskal preso eta iheslari politikoak etxera!