Beñat Mendizabal Goñi
Gazte Koordinadora Sozialistako kidea
Udarak, askotan, atsedenaren eta deskonexioaren esperantza dakar berarekin. Ikasturte guztian eginiko guztia iraultzeko garaia da, pasatako ezbehar guztiak ahazteko garaia. Hala ere, errealki, ez da horrela izaten gazteriaren gehiengoarentzat.
Bizitzen ari garen krisi ekonomikoa ez da udararen etorrerarekin joango, eta are gutxiago, hura inposatzen ari den patroi kultural eta ekonomiko berriak. Krisiak berrantolaketa bat ekartzen du gizartean. Sistemak aldatu egin du beharrezko lan indarraren kantitatea eta nolakotasuna, eta hortaz, beharrezkoa du lan indar hori gorpuzten duen subjektua aldatzea. Bertan gara garrantzitsuak gazteok, interbentzio gune moduan, etorkizuneko lan indarra izango dena ekonomikoki zein kulturalki moldatzeko.
Bertan ezinbestekoa da hezkuntza. Etorkizuneko lan indarra balore jakin batzuen pean hezi, hura diziplinatu eta otzantasuna barneratzeko tresna funtsezkoa. Ikasturtea ikasten igaro ostean, udara aprobetxatu izan ohi da lana egiteko, denbora gehiago denaren aitzakiapean. Berez deskantsurako den garaia, lana egiteko aprobetxatu behar.
Aurkitzen den lana, gainera, subjektu debaluatu moduan betikotzeko besterik ez du balio. Soldata baxuak, aldi baterako lanak, kontratu gabekoak edota ordaindu gabeko orduak dituzten lanak ezagunak dira udaran.
Lanetik kanpo, udarako aukera nagusia jaialdi kapitalista izaten da. Udaran indar berezia hartzen duen ekintza, leku guztietatik bultzatua eta interes jakin batzuk indartzen dituena. Ekonomikoki jabe txiki zein handiak indartu eta aldi berean, despolitizazioa zabaldu gizarte osoan. Gazteoi parrandan nahi gaituzte, askotan kontrakoa badirudi ere, interes ekonomikoei erantzuteaz gain, egungo errealitatearen aurrean otzanak izan eta gauzak zalantzan jar ez ditzagun.
Pobretze orokortua nagusitzen ari den honetan, garrantzitsua da osotasunaren gaineko irakurketa egitea, gazte problematika ulertzeko eta errealki aurre egiteko baldintzak antolatzea.