Ez da denbora asko igaro Jazartuon Babes Kutxa aurkeztu genuenetik. Gazte langileei bitarteko juridiko, politiko eta ekonomikoak emateaz gain, nagusiki antolaketa politikorako tresna da. Jada ematen hasi da
bere fruituak.
Errepresioa areagotzen ari den honetan, berebiziko garrantzia hartzen dute gazte langileen intereserako bitarteko ezberdinek. Bide horretan, egungo egoera ulertu eta horri aurre egiteko tresnak sortzeari ekin diogu. Horren harira, jada 25 dira tresna honen bitartez gurekin lanean dauden kideak, elkartasunaren
printzipioak gidaturik.
Horiekin elkartu, eta aholkularitza juridiko zein politikoa eskaini ostean, 20 izan dira haien multa alegatzera iritsi direnak. Hortaz, beste behin ere, argi ikusi da antolakuntzak izan dezakeen indarra. Tresna honek, beraz, kide ezberdinen hartu-emanari esker, gazte langileon arazoei aurre egiteko baldintzak jartzen ditu, haien arazoa ebazteko lan egiten duten bitartean.
Eskualdean zehar, jazartuak izan garen gazteok elkartzeko lekua eskaini nahi dugu, denon egoerari aterabide posibleak pentsatzen hasteko. Hori dela eta, ostiral honetan, ekainak 4, Hernaniko Jazartuen Asanblada deitzen dugu, bai jazartuak izan diren gazteei eta baita elkartasunak bultzatuta multa ezberdinei aurre egiteko laguntza eskaini nahi duen orori ere.
Ekainak 4, ostirala, atsaldeko 18:00tan Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean. Jarrai dezagun, langileon antolakuntzaren bitartez, gure defentsa eta interesen aldeko mekanismoak sortzen.
Oier Apaolaza Oiarzabal