Paretek ez dute hitz egiten

Erabiltzailearen aurpegia Jasota Bezala 2021ko eka. 3a, 00:00

Iraganeko garaietatik ateratako esaldi  handiek eta gaur egungo testu berrietan isuritakokoek, frogatzen dute egun idazten dituztenek iraganeko iturri berak erabiltzen dituztela; dena den, ez dira konturatzen gaur, ez dela atzo.

EAJ-PNVren ustez, bizikidetza egitatea izan dadin, guztien artean edo, behintzat, gehiengoen artean adostutako arauak bete behar dira. Gaur, Hernanin, gobernatzen duen gehiengoak betearazi behar dituen hainbat arau daude; eta, guk, soilik hori eskatzen dugu. Hori diogu, besteak beste, kartelak eta pankartak jartzea eta pintadak egitea arautzen duten ordenantzengatik.

Bestalde, komunikabide honetan agertzen den idazki bati erreferentzia eginez, hauxe dugu esateko: alde batetik, esaten zuten beldurgarria dela politika erakundeetan egitea; eta, beste alde batetik, esaten zuten bizitzaren alderdi guztiak politizatu behar direla. Horren haritik, esan beharra dugu politika erakundeetatik egiten dela, eta haietara jo dezaketela edozein aukera politikok. Horrez gain, esateko dugu ere lau urtean behin herriak erabakitzen duela nork gobernatzea duen; eta, gainera, hautetsontzietan babesten ez diren alderdi politikoak direla gizartea ezegonkortzen saiatzeko beste bide batzuk bilatzen dituztenak. Politikari profesionalak dira Hernaniren alde lan egiten dutenak; eta, beraz, uste dut burges izatetik urrun daudela. Aitzitik, herri hobea baten alde lanean ari diren proletarioak dira.

Horrekin batera, «bizitza politizatzeari ekin behar diogu» esaldiari dagokionez, hori esatea akats larria dela uste dugu. Bizitza politika baino askoz gehiago da, eta hala uste ez duenak arazo bat duela uste dut. Bizitza, hain justu, horrela osatzen da: kirola, maitasuna, familia, lagunak, aisialdia... eta baita politika ere. Zerrendako azken postuan aipatu dut arrazoi zehatz batengatik; izan ere, gainerako alderdiak baldintzatzen dituen elementutzat jotzen badugu, iraganeko akatsak errepikatuko ditugu; eta, beraz, ez dugu bizikidetzan lagunduko.

Bukatzeko, esan nahi dut urteak direla Hernaniko kargu publikodunek beldurra izatea utzi geniola; eta hori lortu zen hernaniar guztien lanagatik. Beraz, saiatuko gaitezen «beldurra» hitza ez erabiltzen; zeren inork, haren bizitzako elementuak direnak direla ere, ez baitu beldurra berriz ere sentitu behar.

 

Andoni Amonarraiz Gómez

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!