Paretek diotenari beldurra

Erabiltzailearen aurpegia Axier Mendizabal Goñi 2021ko mai. 31a, 00:00

Mural berri batzuk agertu eta dardarka jartzen dira euren poltronetan hainbat politikari profesional. Ordenantzak eskuan, ez daitezela hernaniarrak muralak egiten hasi, oihukatzen dute. Politika burgesa kexu da langileria antolatuak herriko paretak aprobetxatzen dituelako propaganda politikoa egiteko, euren lege eta politikaren ulerkera murritzaren gainetik. Instituzio burgesek interes jakin batzuen men egiten die, gureak ez diren interes batzuei.

Izan ere, ez du EAJk ausaz esaten mural batzuek udal ordenantzak jarraitu behar dituztela. Politikaren monopolioa burgesiaren esku eta honek ezarritako markoetan egitea nahi dute, hau da, politika instituzioetan egiten den hori izatea. Langileriaren despolitizazioa burgesiaren inpunitatearen mesedetan, eta azken batean, horixe dira alderdi politikoak, burgesiaren frakzio ezberdinen ordezkariak. 

 Kontrara, proletargoen askatasun politikoen defentsa egitea dagokigu guri eta bide horretan egiten da propaganda politikoa. Politika euren markoetara mugatu nahi dutenen aurrean, bizitzako alderdi oro politizatzea dagokigu, gehiengoaren interesen alde lerratzea. Beraz, propanganda politikoak ere ez du legedi burgesaren baitan jokatzen, langileriaren askatasun politikoak gauzatzera bidean. 

Proletargoa bere baliabideak sortu eta garatu beharrean dago politika egiteko eta herriko edozein txokotara iristeko zilegitasuna du. Noski, politikari profesionalek nahi ez duten zerbait da, politika egiteko eskubidea denon eskura egongo balitz euren abantailak agortuko bailira. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!