Laurogeita hamabi urte beteak ditu gure amak. Duela gutxi arte oso-oso gutxi ezaguna Osakidetzan. Entzuna diogu behin baino gehiagotan: “Nahiago diñet ipurtzuloko bat botika zikin bat hartu baino”. Medikuari deitzeko beldurrez egoten da, jaiotako etxean hil nahi duelako. “Ez diñet gora iyo nahi!" (ospitalera).
Urte gehiegi hartu omen ditu. Seguru baietz! Aspalditxotik ez da ohetik ateratzen. Bere garaiean, berari jarri zizkion bere amak baserriko kargak, izeba-osabak barne, segida-segidan hiru seme-alaba... Lanean madarikatzen pasa ditu bere urte gehienak.
Azkeneko egunak ohean antzika daramatza. Oinazez. “Hau ez den bizitzia!” “Emaidan zerbait, ez den inor enteratuko”. “Hi eta nere artian geatuko den, ez den inor enteatuko” “Ni bizi ez eta hiri bizitzen utzi ez!” Hori gutxi bazen, duela hamabost egun pasatxo, semea zendu zaio.
Panorama honekin, asteburu gogorra pasa ondoren, gaur, astelehena anbulategira deitu dut, sendagileari hartzen duen medikazioa handitzeko eskatzeko asmotan. Oinazea ahalik eta gehien txikitzea lortzen dugun-edo.
Telefonoa hartu duenak, ostegunerako eman dit telefono kontsulta jasotzeko txanda. Ama oinazez dagoela esan ondoren, Astigarragara bideratu du deia, “Jakin ezazu, dena den, ez zaizula ostegunera arte tokatzen” tonu petral xamarrean adierazi dit.
Astigarragakoak bihar arte ezin didala txandarik eman. Hau da, amak oinazez aguantatu behar duela, erremediorik gabe. Dosia nere kabuz handitu behar ote dudan edo aipatu dudanean, hori neure erabakia izango dela, erantzun dit.
Garbi daukat nire ama oinazez ez dudala uziko. Nere eskutan dagoen guzia egingo dudala, sistemak bermatzen ez duen duintasuna amari ematen.
Leporaino nago ezarritako sistema sozialaren txotxongilo izaten. Nire amak bere bizia eman du guk orain ditugun baliabide eta bizitza kalitatea izan ditzagun. Zergak zintzo-zintzo pagatu ditu, zenbait zerbitzuren aldera.
Pandemiak zerbait erakutsi badigu, osasungintza hankamotz dagoela da. Ahul. Gaur amari gertatutakoa adibide bat besterik ez da. Baina, administraziorako lanean ari garenok, konsziente al gara gure amak bezelakoek aurretik egindako ekarpenei esker gaudela gauden lekuan? Zertarako egindako esfortzu guztia, orain, bere azkenetara iritsi denean oinarri-oinarrizko beharra asetzeko gai ez bagara?
Ondotxo dakigu sendagile, erizain… osasungintzako langileak gainezka dabiltzala. Horrek ez ditu justifikatzen, ordea, errespeturik gabeko erantzunak.
Idatzi hau goien, ikustezin, herritarrarengandik oso urrun, boto xixtrin batzuren atzean ezkutatzen diren arduradun horiei eskeini nahi diet. Gure baimenik gabe gure bizitzaren antolaketaz arduratzen diren horiei.
Gure ama antzika ari da gau eta egun. Idatzia bukatzen ari naizenean deitu du sendagile batek. Ama eta biok neka-neka eginda gaudenean, gizarte honek markatzen dituen parametroetan sinesten ez dugunean...
Otzan-otzan obeditzeari uzteko garaia iritsi da. Ausardia falta, agian…