Joxeba Labururi

Erabiltzailearen aurpegia Eli Laburu Labaka 2021ko mai. 14a, 00:00

Hogeita zazpi urte sokaren gainean! Betirako ez hintzela banekiken, baina ezustean harrapatu niok. Urte asko egin dizkiyeu elkarrekin. Familia berean hazi eta hezi. Larre motzean. Sarritan beldurpean. Menpean, menpean, menpean… Egoskor baratzean, egoskor burrukan, egoskor abertzalea, egoskor maixu, egoskor euskalzale, egoskor neba!  Egoskorrean koerentea, ordea!

Ideologiaz muturreko bideak aukeratu genizkin. Biok, bakoitza berean, egoskor koherenteak  izaten saiatu gaituk. Hori gure alde. 
Diktaduraren seme-alabak gattuk. Aginduak jasotzen ongi ikasiyak. Zer ikusi, hura ikasi: ahal izan deunian geok ere agindu egin diyeu, besteen bizitzak inbadittuz. Horrela jokatu ez duenik jaso beza besoa!

«Ni naizenaren zati bat Joxebari esker naiz», «Eskolan izandako irakaslerik onena», «Joxeba izan zelako gera ta izango dira», «Borrokalariya izan eztanik ezin esango du inork…», «Joxeba zan dena eman, eman, eta eman».  Hire arreba naizenetik, mezu horiek jaso eta malkoa zetorkidak begietara. Nire eta hire partetik esker onak guztiei.

Ikastolen publifikazio garaian, arerio ugari egin genizkian biok. Elizatxo ikastolan zuzendari hintzenean, dirua xahutu edo desbideratu huala esan zin lapulgadevallecasek. Zerbaitek min eman badik bizitza honetan, horixe izan dek: gerra zikinak. Hark ere ezkertiar eta berdinzaletzat izango dik bere burua! Ez duk jabetuko, seguruenik, zein modutan izan zen biolentoa. Ideario ezkertiar eta sozialistatik urrun. Konturatu bada, bejon dayola, bestela bada…

Honekin zera esan nahi nian, gezur hark eragindako sufrimenduan bizi izan hintzen luze. Ikusi dek, ez zin merezi.  Halere, kontrako baino, aldeko lagunak gehiago izan dituk hire joan etorrian.  Kontra izan dituan horiei, hagoen tokian hagoela, bidal eiyek hire bihotzaren argi pittin bat, beharko dittek eta.

Eskola munduan urte mordoa egin diyeu elkarrekin. Diferentzi nabarmen batekin. Nik eskola adoktrinamendu fabrika izaten jarraitzen dula uste diat, non geure buruaren jabe izaten ez diguten erakusten. Are gehiago, trabak jartzen zizkigutek. Libertadea dela esaten diguten hori, libertadetik ezer gutxi duela. Oraindikan Platonen kobazuloan sartuta gaudek, nire ustez. Esklabu. Bazekiat, hik ez dek horrela ikusten, diskutitu diyeu behin baino gehiagotan hontaz. Gure egoskorrean, geurean jarraitu diyeu.

Hitaz aprobetxatu direnak ere, noski, bazeudek. Baina, ba al da inor horretatik libratzen denik?

Beno, hiretaz harro, oso harro nagoela esan nahi dit. Idearioak bereizi bagaitu ere, bihotzak bat egin gaitxik. Hernanin, lintxamendutik atera hiñun behin, berriro ere egingo nikek. Arrazoi guztien gainetik nire maitasuna ziok! Etzak dudik ein!   

 

Eli Laburu Labaka

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!