Lehenik eta behin, mila esker pasa den maiatzaren lehenean Kontseilu Sozialistarekin bat egin zenuten guztioi. Mobilizazioan parte hartu zein gurekin lan egiteko prest egon zineten guztioi.
Gure ibilbide laburrean azpimarratu nahi izan diren aldarriak kalera ateratzeko eguna izan zen, egun honek dakarren ondare iraultzailea berreskuratzearekin batera. Langile mugimenduaren historiak utzitako irakaspen oro kontuan hartuz begiratzen dugu aurrera, eta bide horretan erailak izan diren kideen ekarpenari zor diogu, gaur ere, sozialismoaren aldeko borrokan gure alea jartzea. Hori aldarrikatu nahi izan genuen maiatzaren lehenean.
Argi geratzen ari da egungo egoerari irtenbidea emateko aukera bakarra iraultza sozialista elikatzea dela. Ez baitago tarteko biderik sistema kapitalistan; ez dago erreforma posiblerik. Egungo testuinguruan, pobreziaren, indarkeriaren eta askatasunik ezaren testuinguruan hain zuzen, mundu berri baten eraikuntzaren aldeko hautua da ibilbide bideragarri bakarra. Iraultza ala erreforma baino argiago islatzen du iraultza ala basakeria leloak errealitatea; sozialismoa ala basakeriak, alegia.
Militante sozialistok argi dugu aipatutako bidea, borrokaren bidea, ez dela erraza, borroka sekula ez dela izango xamurra, dena izango baitugu kontra: kapitala, burgesia eta kolore guztietako bere alderdiak, estatua eta bere aparatu oro, zentzu komuna bera, etab. Gure iraultza grinak, ordea, oztopo guztiak gainditzeko nahia du eta hor dago gure indarra.
Zorionez, konpromiso iraultzailea berreskuratzen ari den belaunaldi berri bat altxatzen ari da, Euskal Herri osoan zehar egindako mobilizazioak horren erakusle. Inoiz baino beharrezkoagoa zaigu gainera, porroten etsipena, askatasun faltsua eta konformismoa gainditzea. Horretarako, komunismoa aukera erreal gisa eraikitzen hasi behar dugu -komunismoa egitate bilakatu behar dugu-, proletariotzaren antolakuntza gaitasunak garatuz, defentsarako tresnak sortuz. Funtsean, mundu honen logika aldatu behar dugu; langileriaren mesedetara egongo den gizarte eredua eraikiz, hau da, esplotazio eta zapalkuntza gabeko gizartea.
Lan horretan jarraituko dugu, beste aukerarik ez baita.
Axier Mendizabal Goñi