Etorkizun iluna, garai zailak datoz. Geroz eta argiago ikus liteke osasun krisi hau krisi sozial eta ekonomiko berri baten parte besterik ez dela. Oraingoan ere, pisu guztia gure bizkarren gainean jarri nahiko dute. 2008en egin zuten moduan, krisi berria ere langileok ordaintzea nahiko dute. Guk ez dugu krisi hau ordainduko. Krisi hau kapitalak ordaindu dezala!
Kapitalaren agenda zapaltzailea da langileriarentzat. Are gehiago, estaturik gabeko herrientzat. Europar Batasunak ebatzitako agendak Espainiar eta Frantziar estatuen bidez marrazten ditu Euskal Herriak jarraitu beharreko estrategia sozioekonomikoaren nondik norakoak.
Dagoeneko, borrokan diren olatu sozial ezberdinek egin bezala, Euskal Gazteriak jasaten duen prekarizazio prozesuari aurre egiteko oinarrizko adostasunen gaineko ekintza batasuna sustatzea ere badagokigu. Gazteri langilearen bizi baldintzen kaskartzea eta bizi proiektuaren garapen eza langile klase guztiaren aurkako oldarraldi batean parte baitira.
Aurtengo Maiatzaren Lehenak zentzu horri erreparatzen dio. Euskal Herri Langilearen berregituratzea, herri borrokei hauspoa ematea, Independentzia, Sozialismoaren eta Feminismoaren proiektu politikoa elikatzea eta batez ere, antolakuntzan eta borrokan berrestea.
Horregatik, maiatzaren 1ean bi deialdi garrantzitsu ditugu Hernanin eta bertara azaltzea gonbidapena luzatu nahi dizuegu. Dena dugu irabazteko!
Eguerdiko 12:15tan Atsegindegitik gazte blokea. Bestetik, 12:30tan Hernaniko Gudarien Enparantzatik abiatuko da mobilizazioa.
Garenaz harro, ekinaren ekinez, Euskal Gazteria lehen lerrora! Gora langileon borroka!