Maiatzaren lehena Langileriaren tradizio historiko eta irakaspenak biltzen dituen borroka eguna da. Hain zuzen ere, 1886an zortzi orduko lanaldiaren aldeko borrokan eraildako militanteen omenez izendatutako Nazioarteko Langileon Eguna. Argi dugu gaur egun borrokak bere horretan jarraitu behar duela, langileriaren baldintzak gero eta okerragoak diren honetan.
Baldintza negargarri horiek jasatera beharturik gaude gazte langileok ere. Debaluatutako subjektu bezala burgesiaren etekin ekonomikoak handitzeko funtzioa dugu; horretarako soldata murritzagoak, lan prekarioak, aldi baterako lanaldiak edota doako praktikak izaten ditugularik. Gainera, eduki despolitizatzailez hezten gaituzte, gure izaera beren interesen menpekoa izaten jarraitzeko. Horrela, ezartzen diguten logika onartzen dugu eta baldintza baxuko lanak hartzen ditugu. Ulertarazten digute gazte izatea hori dela, beti berdin izan dela eta ezin daitekeela aldatu. Honek gazteongan blokeo bat sortzen duelarik.
Bizi dugun krisi egoeraren aurrean, ofentsiba burgesa eraikitzen ari den estatu totalitarioak gazteak jarri ditu jo puntuan. Era ezberdinetako jazarpen eta kriminalizazio kasuek adierazten dute hori: batetik, jazarpen polizialaren igoera azpimarratu behar da, krisia ezkutatu nahiean hartu duten jarrera totalitarioa handia izan baita. Bestetik, komunikabideen lana aipatu behar da, gazteoi errudun sentiaraziz, arazoaren karga esleituz. Horretarako, kasu isolatu batzuk gazteon orokortasun moduan jarri dituzte, irudi desitxuratu bat eman nahian.
Aurkitzen garen tesitura honen aurrean, antolakuntza komunista da irtenbide soila. Langileriaren, eta gazte langileon arazoei aterabidea emateko dugun tresna bakarra baita, zapalkuntza ororen aurkako eta klase gabeko gizarte baten aldeko programa historikoari ekarpena egiteko borroka tresna izango dena.
Horregatik, maiatzaren 1ean, arratsaldeko 20:00tan, Hernaniko Gudarien Enparantzan mobilizatuko gara.