Apirilaren 22an greba deialdia egin zuen gehiengo sindikalak sektore publiko osoan eta egun berean Ikasle Abertzaleak antolakundeak mobilizazioak egingo ditu. Gutxi balitz, apirilaren 21an IKAMAk ere greba eguna du. Hortaz, bi eguneko tartean hiru deialdi egongo dira, deialdi bakoitzak interes eta aldarrikapen ezberdinak kaleratuko ditu;
aipatu eragileek plazaratu dituzten aldarriak azaltzen saiatuko naiz, bai eta aldarrikapenek osatzen duten interes multzoa identifikatzen ere.
Eskuarki, Ongizate Estatuaren paradigmaren pean ulertu behar dugu sindikatuen deialdia, hain zuzen, pobrezia orokorra eta zerbitzu publikoen dekadentzia nagusi izaten ari dira oldarraldi kapitalista honetan; horregatik, esatea dugu O. Estatuaren eraispen baten aurrean gaudela, eta horri erantzuten dio, beraz, sindikatuek defendatzen duten posizioak. Horrenbestez, erreforma prozesu baten eskaerari erantzuten dion greba deialdia da, ez baitu Ongizate ereduaren paradigma gainditzeko baldintzarik ezartzen; guztiz kontrakoa: burgesiaren boterea erreproduzitzea eta betikotzea ahalbidetzen du, inplizituki eta nahigabe bada ere.
Apirilaren 21ean, bestalde, IKAMAk ere greba eguna du. Aurtengo ikasturte akademikoan zehar egoera epidemiologikoaren ondorioak ikasleok ordaindu behar izan ditugulako (sic) deitu du ustez greba IKAMAk. Grebaren edukiari erreparatuz gero, sindikatuen logika politiko bera sustatzen duela ikus daiteke; hezkuntzaren egoera hobetzeko hainbat neurriren aplikaziora mugatzen du-eta bere programa. Bestela esanda, gestio eredu alternatibo baten aplikazioan jartzen du indarra, funtsean, IKAMAren programa politikoak.
Azkenik, Ikasle Abertzaleaken mobilizazioak ditugu. Krisi kapitalistaren ondorioz langileria hezkuntza prozesutik kanporatu izaten ari da, eskola-abandonua handitu baita. Gainera, ikasketa prozesua geroz eta garestiago da eta eskola publikoa babesgabe dago ofentsiba neoliberalaren atarian. Horregatik, kontzeptu estrategikoa eta beharrezkoa da langileriaren hezkuntza sarbidearen defentsarena, eraikuntza plano batean kokatzen den heinean; hau da, Euskal Eskola Nazionala elikatuko duen aldarri gisa.
Formatuaren mugaketa dela-eta ezin dut gehiago garatu azaleratu nahi dudan ideia, horregatik sinplifikazioetan eror naiteke. Dena dela, prest nago egon daitezken kezka zein desadostasunei erantzuteko.