Duela egun batzuk Hernaniko alkateari elkarrizketa egin zioten komunikabide batean eta atez ateko sistemari buruz galdetu ziotenean, «Polemika sortu zutenek ezer esaten ez dutenean dena ondo egongo da», erantzun zuen.
2009ko azarotik, atez atekoa martxan jarri baino sei hilabete lehenago, eta datuak eskuan, EAJ-PNVk hondakinen bilketa garesti, zikin eta deseroso horren aurka egin du, modu pribatuan eta publikoan. Zerbitzua martxan jartzearen kostuarekin gezurra esan ziguten; EH Bilduk erreferendum bat eskatzen zuten 6.000 hernaniarren sinadura bota zituen zakarrontzira; hondakinak beste herri batzuetara eramatea ukatzen zutenean gezurra esan ziguten, eta gaur egun atez atekoa mantentzen da jakinda beste herri batzuetan (Ormaiztegi, Beasain, etab.) eta mankomunitateetan (Sasieta), hondakinak edukiontziekin biltzearekin eta kostu txikiagoarekin, emaitzak oso antzekoak direla.
Hernanik 6,6 milioi euro aurreztu zitzakeen APA martxan daraman 11 urteetan. Diru horrekin, hernaniarrek hausnartu beharko lukete nola egongo liratekeen beren auzoak eta zenbat igogailu jarriko liratekeen haietarako irisgarritasuna hobetzeko, nola hobetuko liratekeen kirol-instalazioak edo zenbat laguntza eman lekizkiekeen estutasunean dauden pertsona eta enpresei, etab. EAJ-PNVn atez atekoari buruzko iritzia ematen jarraitzen dugu, duela 11 urte bezalaxe.
Beti nahi izan dugu EH Bilduren datuak gureekin alderatu eta ezberdintasunak argitzen saiatu, baina ez dute gurekin bildu nahi izan. Atez atekoari buruzko gure jarrera agerian uzten dugu urtero udal-aurrekontuei buruz hitz egitean; Hernaniko EH Bildurentzat, ordea, atez ateko bilketa gai politikoa da, eta ez dago eztabaidarik.
Andoni Amonarraiz EAJ-PNVko bozeramailea Hernaniko Udalean