Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, Zubietako erraustegiraino hurbiltzeko martxa egingo dugu larunbatean, martxoak 27. Lasarte-Oriatik abiatuta joango gara agintariek "Gipuzkoako Ingurumen Gunea" izen tranposoarekin bataiatu duten eremuraino. Lasarte-Oriako Okendo plazatik 11:00etan abiatu gara, Bugatiko bidegurutzetik barrena 12:00etarako iristeko Zubietako erraustegiaren atariraino. Hernanin Zero Zabor taldetik animatzen zaituztegu parte hartzera.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jakinarazi du orain Zubietako erraustegian hiri hondakinez gain hondakin industrialak ere erretzea erabaki duela. Errausketaren aurka ari garenok aspaldi salatu genuen Zubietako erraustegia egiteko erabakia ez zutela hartzen hiri hondakinak kudeatzeko, kontua zela hondakinak errez negozioa egitea. Askok salatu zuten Gipuzkoak ez zuela nahikoa hondakin sortuko labe handi hori elikatzeko, etxeetako hondakinez gain bestelakoak ere sartuko zituztela eta behar izanez gero kanpotik ekarriko zituztela hondakinak hemen erretzera. Erraustegiaren propagandistek berriro erakutsi dute gezurretan ari zirela.
Ez dute ikasi Zaldibarko desastrearekin! Segi hondakinak kontrolik gabe sortzen, segi horiek zabortegietan pilatzen… eta segi erretzen, inguruak eta inguruetan bizi garen jendeak kutsatuz. "Segi", diogu, lehendik ere ari baitira hondakin industrialak erretzen, hementxe bertan Añorgako Cementos Rezolan.
Larunbatean Zubietako erraustegiaren atarian berriro esango diegu, ozen eta argi, Gipuzkoako agintariei eta horiekin elkar hartuta negozioa egiten duten enpresei: Gelditu ezazue Erraustegi kriminal hau! Zabaldu itzazue Gipuzkoa osora hondakinak ondo kudeatzeko sistemak! Errespetatu itzazue gaurko eta biharko herritarren osasun eta ongizate eskubideak!