Langile elkartasunerako garaia da!

Erabiltzailearen aurpegia Asier Gutierrez Arribas 2021ko mar. 4a, 00:00

Covidaren krisiak agerian utzi du sistema kapitalistak eta politika neoliberalen arduradunek ez dutela langileria kontuan hartzen, gaizki deituriko ongizate-es­tatua bermatzeko orduan; argi dago ez garela Lakuaren eta Madrilen lehentasuna. Osasun kri­si honek kapitalismoaren izaera ankerra erakusten digun heinean, gure ardura da erantzun irmoena antolatzea. PNVren kontrolpean dauden erakunde publikoek zaintza-eredu asistentzialista eta pribatuaren alde egiten duten bitartean, zerbitzu sozial duinak, unibertsalak, doakoak eta kalitatezkoak defendatzeko greba deialdia egin dute sindikatuek gaurko (LAB barne). Gizarte zerbitzuak, lan-au­kerarik gabeko eta gero eta pobretuago dagoen biztanleria sostengatzen ari dira Covidaren krisian, baina errealitate hori krisi honetatik haratago doa. Langileria gero eta mendekoagoa da laguntza subsidiarioekiko, estatuarekiko mendekotasun egitura oso bat sostengatuz. Egunero gehiago itotzen gaituzten enpresa handien interesen alde soilik egiten duen estatuarekiko mendekotasuna, zerbitzu publikoekin negozioa egiten duten enpresa pribatuei erraztasunak jartzen dizkieten bitartean. 

Itotze hori are larriagoa da Aiaraldean, non enpresak deslokalizazio eta kaleratze masiboak egiten ari diren, eskualde oso bat etorkizun ziurgabera kondenatuz. Tubacexeko langileak,  zilegitasun osoz, eguneroko karga polizialei eta eskirolen presentziari modu antolatuan aurre egiten ari dira. Hauek ere greba deialdia egin dute biharko, mobilizazioak eta lanuzteak antolatuz eskualde osoan.

Borroka eredugarria izaten ari da, eta elkartasun olatuak, Aiaraldetik Euskal Herriko txoko guztietara iritsi behar du. Bihar Buruntzaldea edo beste eskualde bat izan daitekeelako langabeziaren izurrite gogorra bortizki jasan dezakeena. Zenbakiak garelako haientzat. Gutako edozeinek pairatu dezakeelako errealitate gordin hori. Haien politika neoliberalaren, egiturazko pobreziaren eta jazarpen polizialaren aurrean,  gure erantzuna: klase elkartasuna, kalitatezko zerbitzu publikoak eta antolakuntza. Guk argi dugu  nor den gure etsaia. Tubacex eta gizarte zerbitzuak borrokan!

 

Asier Gutierrez Arribas

Ezker Abertzaleko militantea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!