Gauza bat eta kontrakoa esatea jasangarria zaie batzuei. Gauza bat esan eta kontrakoa sinestea ere antza. Kanpora begirako diskurtsoak eta barrura begirako zurrumurruak. 700 plaza berri atera dituzte ertzain izateko «gaindimentsionatuta dagoen instituzioa handitu eta indartzeko», eta honen kontra hitz egin arren, instituzio hori indartzen ari diren aurrekontuak babestu. Zuriketa kanpainak salatu, baina poliziaren inpunitatea ahalbidetzen duen salbuespen egoera onartu. Ezin omen da ertzain izatea normalizatu, baina euren liderrak dio ezker abertzaleko jendea sartzen ari dela ertzaintzan. Poliziaren demokratizazioaz hitz egiteak, oximoron bat bere horretan, poliziaren esentzia ez ulertzea agerian uzten du. Adibide garbiena langile mugimenduaren historiak utzitako izen guzti horiek, sarraski guztiak, egunero bizi ditugun eraso berriak.
EH Bilduren bitartez ari da ezker abertzalea salbuespen egoera hau babesten, nahiz eta errua EAJri egotzi nahi dioten behin eta berriz, euren ardurari muzin egin nahian; honekin batera polizia indartuko duten aurrekontuak, izurritearen aitzakian inposatu duten zuzeneko diktadura, alderdi guztiak onartzen ari direna. Baina kontrara, ahalbidetzen ari diren egoera guzti horren aurka ageri dira. Gauza bat egin eta kontrakoa esaten. «Ez gaitzaten engainatu» diote, baina nor ari da nor engainatzen? Ez ote dira ari beren buruak engainatzen azken finean, gauza bat esan, baina kontrakoa egiten. Kontraesan hori justifikatzeko moduan izango dira, ala mezu bakoitzaren hartzaileak ondo lotuak dituzte. Nork ote du betiko aurpegia.