Epaiketa politikorik ez! Ugaitz aske!

Erabiltzailearen aurpegia Aitzol Arrieta Erauskin, Sortuko Kidea 2021ko ots. 21a, 00:00

Tamalez jadanik ohitu egin gara gure herrikide bat Audientzia Nazionalean epaitua izango dela entzuteaz. Azken hamarkadetan ehundaka euskal herritar izan dira epaituak Frankismoaren garaitik datorren Auzitegi honetan. Ehundaka izan dira ere, gaur egun herritarrak egurtzen ari diren polizia berberek, atxilotu, torturatu eta espetxera joan aurretik Audientzia Nazionaleko epaile anker baten aurretik igaro diren euskal herritarrak.

Azken urteetan Euskal Herria fase politiko berri batean sartu denean, Estatu aparatuek berean jarraitzen dute. Momentu honetan, gatazka politikoa era demokratikoan gainditzeko apustu argi bat dagoenean, indarrean eta praktikan dagoen biolentzia bakarra Estatua behin eta berriz erabiltzen ari dena da.

Bereziki mingarriak izan ziren duela gutxi Hernanin bertan izandako Karlos eta Itxasoren atxiloketak. Beraien kondenak osorik beteta kalean ziren bi herrikideak berriro kartzelaratuak izan ziren, Estatu aparatuen mendeku gose eta zitalkeriagatik.

Oraingoan Ugaitz Errazkin herrikidea epaitu nahi dute. Inolako zilegitasunik ematen ez diogun eta Euskal Herrian horrenbeste min eragin duen Epaitegi berberak epaituko du, astelehenean hasi eta ostegunera bitarte.

Eraso berri hau salatzeko, eta behingoz euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxera ekartzeko, astelehenerako Sarek deitutako manifestaziora joateko gonbita luzatzen dizuegu. Gudarien Plazatik abiatuko da, arratsaldeko 19:00etan.

 

Aitzol Arrieta Erauskin
Sortuko Kidea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!