Motxiladun haurren motxila ilusio eta indarrez betetzeko, Hernaniko haur eta gazteei, urtarrilaren 9an 16:30etan Lizeagako paradorretik elkartzera gonbidatzen zaituztegu patinak, patineteak edota bizikletak hartuta, SAREk antolaturiko zutabean elkarrekin joateko.
13 haur eta gazte ditugu Hernanin (bertan bizi direnak edo aita/ama Hernanikoa dutenak). Horietatik 12 adin txikikoak dira.
Pandemia egoerak pisutsuago bilakatu du haur hauen motxila. Lehendik, bidai luzeen nekearekin pilaturiko zamari, 2020an 3-4 aldiz aita edo ama besarkatzeko aukera soilik izatearen hutsunea gehitu zaie. Pandemiari aurre egiteko neurrietan, espetxeetara birusa ez sartzea, haur hauek beren gurasoen kontaktua, maitasuna eta babesa jasotzearen aurretik jarri dute. Aurrez aurreko bisitak eten dituzte espetxe guztietan hilabete luzeetan zehar, haurren eta preso dauden pertsonen oinarrizko eskubideak urratuz. Gaur gaurkoz ia toki gehienetan hori da egoera, eta ez dakigu noiz arte luzatuko den.
Martxoan, urtebete egingo dugu egoera honetan. Zenbat da urte bat 4 urteko ume baten bizitzan? 2 urtekoarentzat? 6, 8, 11…? Zer da urte oso batean ama edo aitarekin guztira 2 ordu eta erdi egotea? 4 ordu? 6? Haur hauen garapenean ze ondorio izango du hutsune honek?
Gertuko pertsonak gara, haur hauei gure sostengua, babesa eta maitasunarekin sortzen dieten zauria goxatzen gabiltzanak. Motxilan pilaturiko amorrua, tristura, ezina… Itxaropen eta bizipoz bilakatzeko saiatzen garenak.
Egoera makurra izaten ari bada ere, argi izpirik ikusi dugu azken asteetan. Gaur gaurkoz, Hernaniko 5 haur/gaztek, beren aita Euskal Herriko espetxe batean dute; Iruñean eta Basaurin. Argi izpi hori zabaldu eta presorik gabeko Euskal Herria koloretsu baterantz bidea egin nahi dugu urtarrilaren 9an ere.
Izan bidea haur hauekin batera Lizeagatik Atsegindegira joango den zutabean. Hartu patinak eta etorri! Ama edo aita preso daukaten haur hauek gehienez erabili beharko luketen garraioa hori dela aldarrikatzeko: patinete bat.