Kontrakantxaren 14. urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Gexan ELosegi Mujika eta Oier Laskurain Gojenola 2020ko aza. 27a, 00:00

Badira urte batzuk jada Kontrakantxa gaztetxea jaio zenetik, 14 hain zuzen ere. Urte bukaerak dakarkigu  egun horren ospakizun aukera, eta huts egin gabe heltzeko gogoz da Gazte Asanblada. Ekintza, momentu eta pasarte ugari biltzen ditu Kontrakantxak, eta horiek bizitzen jarraitzeko asmoz jarraitzen dugu hura zaintzen eta indartzen.

Ez dira asko lehen urtetik honaino iritsi direnak, hala ere, haiek utzitako lan eta irakaskuntzak berean darrai. Gazteoi haien aisia antolatzera begira bitarteko garrantzitsua izan da, eta ezinbestean bide horretan jarrai dezan saiatzen da Gazte Asanblada. Jende berria joan da sartzen urte guzti hauetan, baina denok Kontrakantxarekiko errespetu eta zaintza maila goran mantenduz.

Hernaniko gazteei eskaintza ezberdinak ahalbidetzeko espazioa izan da 14 urte luze hauetan, eta beste hainbeste bere horretan jarraitzeko lana egiten ari da Gazte Asanblada. Jende ugari elkartzeko aukera ere eman du eta ematen ari da, gazteon arteko harremanak elkartasunean eta konpromezuan lantzeko gonbita luzatuz.

Merezitako ospakizuna eskaintze aldera, eta osasun larrialdi honek uzten duen heinean, Kontrakantxa gaztetxea hilabete osoan irekita mantentzeko xedea dago. Horri erantzunez, ekintza ugari antolatzen hasia da Gazte Asanblada. Ezinbestekoa da, betiere osasun irizpideak errespetatuz, gazteok antolatzen eta gure arteko harremanak zaintzen jarrai dezagun. Horretarako egiten du lan Gazte Asanbladak, eta beraz, ez da horretarako aukerarik faltako 14.urteurreneko ospakizunean.

Abendua iristear dagoen heinean, data eta ekintza ezberdinak zabaltzen joango gara. Beraz, adi egoteko deia zabaltzen dugu. Baita, Kontrakantxa gaztetxea bezalako espazioa funtsezkoa ikusten duen orori antolatuko diren ekintzetara gonbidatzea ere.

Ez dugu etenik! 14 urte korrontearen kontra, 14 urte kantxan!.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!