Nire izena Fatima Nciri da, jatorriz marokoarra. Urteak daramatzat Hernanin bizitzen, hain zuzen, 2008garren urtean etorri nintzen lagun baten bitartez adin txikikoen babes zentru batetan lana egitera. Ilusio handiz hasi nintzen lanean, betidanik gai sozialekin sentsibilizatua egon bait naiz. Hala ere, ezin dut ukatu hasiera gogorra egin zitzaidala, emakume arabiarra eta bakarrik egotea ez baita erreza, oztopo ezberdinak gainditu behar izan ditut.
Hernanin jendea ezagutzen nuelari esker, beste pertsona, talde sozialekin, elkarteekin… harremanetan hasi nintzen, Ahmer elkartea horietako bat izan zen. Hau niretzako oso garrantzitsua izan zen, iharduera ezberdinetan parte hartzen hasi bainitzen, nire isolamendutik irteten eta nire bizitzako arlo ezberdinetan aurrerapausoak ematen hasiz.
Iritsi nintzenetik eraikitako harreman guztiak, elkarteen bitartez sustatutako baloreak, elkartasuna, ezagutza… asko lagundu didate bizitzen ari garen pandemia garai honetan. Zoritxarrez, pandemia honek guztiei gogor jo gaitu, niri, nere familia urrun egotea gehitzen zait. Guzti honek, emozio korapilo bat sortzen du: beldurra, tristura, ezjakintasuna… Hala ere, emozio hauek eramangarriagoak dira urte hauetan harreman eta elkarteen bitartez sortutako laguntza sareari esker. WhatsApp eta deien bitartez bada ere, harremanetan jarraitzen dugulako eta tarteka talde txikietan elkartzen garelako bata bestearen berri edukitzeko eta ahal den neurrian elkarri laguntzeko.
Harremana mantentzen dudan pertsona asko, Bizilagunak ekimenean ezagutu ditut. Urteetan zehar etxe ezberdinetan elkartu izan gara, kultura zein jatorri ezberdinetako pertsonak. Bertan, norberaren kultura gastronomikoa ezagutzeaz gain, bakoitzak bazkarirako sukaldatzen duen janari ezberdinen bitartez, bizitza esperientziak, sentimenduak, aurrera egiteko ilusioa eta gauza asko partekatzen ditugu.
Aurten, pandemia dela eta, ezingo gara etxeetan elkartu, ezta kultura ezberdinetako janaria dastatu, baino telematikoki elkartuko gara, ahal den neurrian elkartasuna, ilusioa eta elkar laguntza konpartitzen jarraitzeko eta noski garai hauetan hain garrantzitsua den itxaropena ez galtzeko, laister berriro ere fisikoki elkartu eta jaki ezberdinak dastatu ahal izango ditugula pentsatuz.