Urrian aurkezpen batekin hasi genuen kurtso politikoa eta bizi dugun egoera latz honetan burgesia finantziarioak, politikari profesionalek eta enpresari haundiek, bultzatutako egoerak baldintzatuta bada ere, gure jardunak aurrera darrai. Horren adierazle dira asteburu honetarako antolatu ditugun jardunaldi politikoak eta aurrera eramaten ari garen salaketa kanpaina ere.
Jardunaldi politikoak, azaroaren 19, 20 eta 21ean burutuko ditugu Andoainen eta Hernanin. Jardunaldi hauen helburua, egungo kontrol mekanismoen eta askatasun urraketen inguruan hausnartu eta hauek, egungo testuinguruan betetzen dituzten funtzioak azaleratzea da. Izan ere, beste neurri askorekin batera, gure inguruko herrietan, poliziaren presentzia eta pankarten kontrako jardun sistematikoa edo gazteonganako identifikazio arbitrario eta isun mehatxuak nabarmen egin dute gora azken hilabete hauetan. Horregatik, gazte langileen kriminalizazioaz, jazarpen polizialaz, kontrol sozialaren zentzu politikoaz eta askatasun politikoez hitz egingo dugu egun horietan.
Gainera, covid19aren testuinguruan hartu diren neurri murriztaileak, ustezko osasun kolektiboen izenean egin badira ere, garbi dago geratzeko etorri den eredu sozial bati erantzuten dietela eta hauek datorren etorkizun makurraren adierazle direla: pobrezian eta askatasun faltan oinarritzen den etorkizunarena, alegia.
Argi gelditzen da politikari profesionalen lehentasun bakarra ekonomia dela, eta bost axola zaizkiela langileon osasuna, bizi baldintzak edo gure oinarrizko eskubideen defentsa (biltzeko eskubidea, askatasunez mugitzeko eskubidea…).
Jon Zumalabe Irastorza
GKSko kidea
Are gehiago kutsapenen igoeraren errua aisialdiari eta jendartearen arduragabekeriari botatzen diote, horrela zama guztia langileriarengan jarriz. Horregatik argi eduki behar dugu, jendarte honetan kriminala den agenterik baldin badago hori ez garela gu, baizik eta jendartearen zatirik haundiena bizimodu miserable batera kondenatzen duena dela hemen kriminala.
Horregatik, hauexek izango dira larunbatean, 18:30etan gudarien enparantzan egingo dugun kontzentrazioaren aldarrikapenak:
1-Neurri diziplinario eta polizialak indargabetzea.
2-Osasun baliabide sozialak indartzea.
3-Eskubide zibil eta politikoak bermatzea.
4-Langile klasearen antolakuntza sustatzea.