Izugarria da sistemaren gabeziak egunero ikusten ari garen honetan PNVk duen gaitasuna dena ondo egiten ari direla ulertarazteko. Herritarrok infantilizatu eta gabezia horiek euren politika eta murrizketen emaitza zuzena direla ikusteko gai ez bagina bezala tratatzen gaituzte.
Noski egungo krisia COVID19ak okertu duela, baina berriro ere berresten gara gure esanetan; krisi honek azaleratu dituen gabeziak orain pairatzen ari bagara ere, jatorria iraganean dute, urteetan zehar PNVk, PSEren babesarekin, egindako politika neoliberalaren emaitza dira.
Ez diogu PNVri eskatzen Ezker Abertzalearen hitzei erreparatzeko, gehiegi eskatzea litzateke, baina bai greban dauden milaka langileak, astero kontzentratzen diren osasungintzako eta hezkuntzako langileak, nola kaleak hartzen dabiltzan ostalariak behingoz entzun ditzan. Eurak dira herriaren haserrearen erakusle zuzenak.
Nazkatuta gaude: Nazkatuta sistema publikorako errekurtsorik ez dagoela entzuteaz, enpresa pribatura milaka milioi bideratzen dituzten bitartean; nazkatuta herritarron portaerak kriminalizatzen dituztela ikusteaz, urteetan osasun eta garraio sistema publikoa ahultzen joan diren bitartean.
PNVren egiteko moduaren erakusle da ostalaritzarekin gertatutakoa; itxiera aurreikusten bazen ere, hori saihesteko edo sektorea babesteko aurretiazko neurririk hartzeko aukerarik ez balego bezala jokatu dute beste behin ere. Orain udalari eskatzen dabiltza laguntza ekonomikoen bitartez eurak osatzen duten gobernuak eragindako gabeziak arindu ditzan. Grazia izpirik ez duen txiste txar bat dirudi.
Pairatzen ari garen gabezietan PNVk duen erantzukizuna dela eta, bere ardurari behar bezala hel diezaion exijitzen diogu; bermatu ditzala beharra dutenen laguntza ekonomikoak, indartu ditzala osasun zein hezkuntza sistema publikoak, aktiba dezala garraio publikoa indartzeko plana, eta bertan behera utzi dezala poliziaren bitartez egiten ari den kontrol eta jazarpen soziala.
Aipaturikoak salatzeko eta PNVri arduraz jokatu dezan exijitzeko, etzi larunbatean kontzentrazioa egingo dugu Zinkoenean, 12:00etan.