Rafael Bengoak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak, honakoa dioenean: «deabruaren abokatuak behar ditugu, botereari egia esatera ausartuko direnak... Gobernua ikuskatuko duen organismo bat behar da»; ari da eskatzen arakatzaile edo rastreadoreak, gure osasun sozialaren birus hilgarrienarentzat: xahuketa.
Einsteinek definitu zuen erokeria: «gauza bera egiten jarraitu, eta emaitza ezberdinak espero izatea». Eta beste behin ikusi dugu emaitza, Osasungintzaren greban, EAJ eta PSE-EEren gobernuaren murrizketen ondorio gisa.
Krisi handi honetan eta hazten ari den zorpetzean murgilduta, diru publikoaren sekulako kopuruak bideratzen dira bideen azpiegituretara, arazoak konpontzeko eraginkortasun oso zalantzagarria dutenak (kostu integrala/bideen hobekuntza ratioari begiratuta); eta osasungintzako gastuaren muga gutxitzen dute.
Inbertsio sozioekonomikoak eta osasungintzakoak oso beharrezkoak diren garai honetan, inoiz baino ezinbestekoagoa da eskatu eta ikuskatzea, AHTarekin jarraitzen duten horiei, egoera honetan ere. Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duen inbertsioaren %51,5 suposatzen du horrek (294 milioi euro). Berdin gertatzen da Topoaren obrekin, Mirakontxako zatian. Izan ere, 'ezusteko' honek bakarrik, bi urtez luzatuko ditu lanak, eta aurrekontua handituko du %50-70 artean (20-30 milioi euro). Nork egingo du?
Erosotasun gehiago besterik ekarriko ez diguten azpiegiturak dira, eta soilik horien erabiltzaileentzat (herritarren %20?). Baina herritarren %100ak pairatzen dugun egoera, urterokoa eta urtetan luzatuko dena, da osasuna eta sozioekonomia (gero eta gehiago biziraupenekoak), eta ia atzera bueltarik ez duen moduan kaltetu dute... Mesedez, nahikoa da.