Duela egun batzuk, EH Bilduko parlamentari baten adierazpen batzuk entzun nituen, pixka bat deskokatuta utzi nindutenak. «Gizarte zerbitzuen munduan 15 urte» zeramatzala eta «EAJ eta PSEren gehiengo absolutuaren arrabolagatik» alde egiten zuela esan zuen. Otegi jaunari ere irakurri diot, egungo Eusko Jaurlaritza aipatuz: «2020ko aurrekontuak onartzeko arrabola erabiliko dute».
Harrigarria. Azken 9 urteetan Hernanin EH Bilduk nola gobernatu duen aztertzera gonbidatzen zaituztet, 'lau egun' daramatzazuen legegintzaldi honetan bizitzea tokatzen zaienarekin alderatu dezazuen.
Bi politikari horien adierazpenekin, badirudi EH Bilduk formula perfektua duela eta beraiek desberdin jokatuko lukete. Hernanin ikusi nahi nuke predikatzen dutena eta nola alderdi politikoko kideek ez duten arrabola erabiltzen gehiengo absolutuarekin.
Hernaniko EAJ-PNVko zenbait zinegotzik, besteak beste sinatzen duenak, 17 urte daramatzagu gure herriaren alde lanean, eta horietatik 9 oposizioan egon gara, EH Bilduk gehiengo absolutua lortuta. Bertatik bertara dakigu zer den benetako arrabola, eta estoikoki egiten duguna da eutsi.
Guk lanean jarraitzen dugu, EH Bildu gaizki egiten ari dela uste duguna kritikatzen eta hernaniarrei eskatzen diguten guztian laguntzen. Jarrera horrek eta gure lanak 2007an 2 zinegotzi izatetik 2019an 6 izatera eraman gaitu. Etsipenak eta abandonuak ez dute lekurik EAJ-PNVren lerroetan. Guk ez dugu utzi.
Andoni Amonarraiz
Hernaniko Udalean EAJ-PNVko bozeramailea