Onartezina bada ere, oraindik, lanera joatean gure bizitza arriskuan jartzen dugu. Horixe da egunero milaka langilek bizi duten errealitate gordina. Lan istripuen kopurua gora doa, eta gehiegi dira lanean ari direla hiltzen direnak.
Aurreko urtea beltza izan zen lan istripuei dagokienez. Hala erakusten dute, bederen, zenbakiek: Euskal Herrian, gutxienez, 46 langile hil ziren urte osoan zehar.
Aurtengo datuak, tamalez, ez dira bestelakoak: Covid-19ak gure egunerokoa eta albistegia betetzen duten honetan, dagoeneko 52 lagun hil dira lanean, bost egunetik behin hildako bat.
52 langile, prekarietatearen eraginez, hirugarren batzuen interes ekonomikoak asetu asmoz, etxetik lanera irten eta inoiz bueltatuko ez direnak.
Datuak izugarriak dira; azken hamar urteetan 550 langiletik gora hil dira Euskal Herrian euren lanpostuetan. Eusko Jaurlaritzak, OSALANek, edo enpresa elkarteek, interesak medio, beste alde batera begiratzen duten bitartean, asterokoaren parte balira bezala, zenbaki horiek normalizatzera heldu garela dirudi.
Argi izan behar dugu ez direla kausalitateak eragindako heriotzak, errudun argiak dituzten erailketak direla. Lan erreformak, lan baldintzen gainbehera, gehiegizko lan erritmoak, lanaldi partzialak, segurtasun neurri falta… hori guztia dago ezbeharren atzean. Politika konkretu bat dago heriotzen atzean.
Arazoa estrukturala da, gutxi batzuen helburu ekonomikoak gehiengoaren ongizatearen gainetik jartzen dituen sistema bera da huts egiten duena.
Langileen oinarrizko eskubide eta segurtasunaren inguruko arau hausteak sarritan gertatzen badira ere, ez dago horren gaineko behar adinako kontrol eta zehapenik. Beraz, gure esku besterik ez dago identifikatu, salatu eta egoera horien aurka ekitea.
Gaur 52 dira, ez dezagun hurrengora itxaron.