Kurtso berria hasi da eta ofentsiba burgesak aurrera darrai. Hezkuntza komunitatea osatzen duen langileriaren osasuna bermatua egon arte, klase presentzialen gelditzea exijitzen dugu, eta horretarako irailaren 15ean greba egingo dugu EAEn.
Krisiaren ondorioz, hezkuntzan digitalizazio prozesu bat gauzatzen ari da, bai pandemiak ahalbidetu duelako eta baita soldatapeko lanaren konposizioan ematen ari diren aldeketek, inteligentzia artifizialaren garapenak, adibidez, gaitasun digitalean trebatzea eskatzen dutelako. Egoera honen aurrean ezin dugu egoerari eusteko eskaera batzuetara mugatu; hezkuntzaren gaineko kontrola da ezarri behar den baldintza, ikasle langileon osasuna eta interesak babes daitezen. Hala ere, neurri minimo batzuk exijitu eta aplikatzea beharrezkoa da, beti ere kontuan hartuz erroko arazoa ez dela instituzio burgesen gestio penagarrira mugatzen, baizik eta hezkuntza sistema kapitalistak ikasle langileon osasuna eta interesak ziurtatzeko duen ezintasun objektiboetara.
Dinamikaren helburua langileok burgesiaren ofentsibaren ondorioak ez ordaintzea den heinean, plazaratu beharreko mezua argia da: hezkuntzaren gaineko langile kontrola, hezkuntza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izan dadin. Hori lortzera begira, hainbat neurri exijitzen ditugu: 1) Ikasle langileok hezkuntzarako sarbidea izan dezagun bermatzea; 2) ikasketa modalitate telematikoak sortutako zailtasun akademikoak ikasleon ikasketa prozesua ez oztopatzea; eta 3) lan militante eta politikoa egiteko eskubidea (biltzekoa eta manifestatzekoa adibidez) bermatzea.
Azkenik, gonbidatzen zaituztegu, datorren irailaren 14an 11:00etan Biterin egingo dugun grebaren aurkezpenera, eta horrekin batera, 15ean Donostiako Ibaeta campusean 11:00etan hasiko den manifestazioan parte hartzera. Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!