Garai ilunetan gabiltza hegomendebaleko euskaldunak
1.- Politikaren kapritxoak. Hauteskundeen bezperetan beharrezkoa ez zena, EAJk txapela lortu eta handik hiru egunetara ezinbestekoa bihurtu zen: Jaurlaritzak 6 urtetik gorakoei maskararen erabilpena derrigortu zigun.
2.- “Pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan... “. Aginduaren oinarriak ez dira azaltzen.
3.- Neurri prebentibo batzuen abantailak adierazi dizkigute: eskuak sarri garbitzeak ukimena dela eta birusaren kutsadura eliminatzen du. Bi metroko distantziak balizko txistu-partikulatxoek garraio dezaketen birusengandik babesten gaitu. Baina etxetik irten eta itzuli arte, etengabe, muturrean daramagun ikonoaren xedeak ez dizkigute azaldu.
4.- Gune itxietan, jendea pilatzen den tokietan, garraio publikoetan, komunitatearekin bat, nire kabuz maskara ipintzen dut. Gauza da, egoera horren iraupena ezaguna dudala eta nire esku dagoela onartzea edo aldez aurretik ekiditea.
5.- Bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan maskararen erabilpena nahitaezkoa dela jakinarazten duen aginduan COVID-19ren ohiko sintomen artean honakoak aipatzen dira: usaimena eta dastamena gutxitzea, nekea eta aire-faltaren sentsazioa. Hau xelebrekeria: horietxek baitira, bidegabekeri herraldoi baten biktima izatearen susmoari gehitzen zaizkion maskarak eragiten dizkidan sentsazioak. Gaitza eta haren arerioaren arteko konplizitate harrigarria!.
6.- Tamalez, ordea, absurdo honen ondorioak ez dira norbanakoaren esparrura mugatzen. Uste dut maskararen inposaketa dela eta, orain arte ezagutu ez den zerbait gertatzen ari dela gizartean. Gauza bat da gobernua eta gizarte zati baten artean sor daitekeen gatazka POLITIKOA , horrek ondorioztatzen dituen botere exekutibo eta judizialaren interbentzioak barne (desobedizearen aurkako neurriak, zigorrak, isunak, epaiketak etab). Eta beste kontua da, erabat ezberdina, hiritarren artean sor litezkeen tirabirak.
7.- Jende urria dabilen eta aire zabaleko parajeetan, norbaitek norbait maskararik gabe ikusterakoan, Osasun propioa arriskuan sentitzen duela eta “disidenteari”kontuak eskatuko balizkio, ziplo erori gara beldurraren zepoan. Gobernu-brankaren atzetik komunikabide tropel luze eta potoloari errentagarria suertatu zaio beldur masiboaren aldeko kanpaina itzela.
8.- Jatorrizko esanahiarekin inongo loturarik ez duten hitzak bururatzen zaizkit. Bere “HUIS CLOS” (Ateak itxirik) antzezlanean JP SARTREk pertsonai baten ahoan jarritakoak: “Infernua besteak dira”.
9.- Onartzen dut nire subiranotasun lurraldea lau metroko diametroa duen zirkulura mugatzen dela...
10.- ... baina ez dut onartzen etxetik kanpo eta etengabe maskararik gabe arnasa hartzea debekatzen didan agindua.
(*)
Nahiago izan dut interesatuei artikulu hau bere osotasunean eskeintzea, paperezko edizioan (espazio arazoak direla eta) testu automutilatua argitaratzea baino.