Ukaezina da okupazioaren aurkako kanpaina politiko, mediatiko eta juridiko baten aurrean gaudela. Kanpaina horren helburu nagusia jabetza pribatuaren defentsa politiko orokorra izanik, beronen legitimitatea areagotzera bidean gizarte burgesaren fundamentu juridikoen onarpena indartzeko bitarteko gisa ulertzen dugu kriminalizazio saiakera hau.
Esan daiteke kanpaina guzti honek bi funtzio nagusi dituela: batetik ekonomikoa, kapital metaketarako baldintza aproposak ezartzeko lanean oinarrituz, jabetza pribatuaren bitartez egikaritzen dena, eta bestetik politikoa, jabetza pribatuaren eta orokorrean kapital metaketaren gaineko oniritzia zabaltzeko helburua duena.
Jabetzaz ari garenean bi eredu kontrajartzen direla uste dugu, batetik jabetza pribatua dugu, kapitalaren behar ekonomikoei funtzionala zaien jabetza eredu mota, zeina merkatuaren legeen baitan egituratzen den eta burgesiaren kontrolpeko espazioen forma hartzen duen; eta bestetik, proletargoak bere bizitzaren erreprodukziorako beharrezkoak dituen espazioetara sarbidea bermatuko duen jabetza forma sortzearen beharretik abiatuta langileon kontrolpeko espazioen forma hartuko lukeen jabetza eredua.
Okupazioaz, jabetza pribatuaz, espazioen gaineko kontrolaz eta beste zenbait gakoz hausnartzeko aukera izango dugu datorren ostiralean arratsaldeko 18:30ean Kontrakantxa gaztetxean antolatu dugun hitzaldian. Azken hilabetetan Hernaniko Gazte Asanbladak eta Gazte Koordinadora Sozialistak elkarlanean antolaturiko ekimenen baitan ERRAKI-ko kideak izango ditugu ostiraleko saioan gurekin. Hitzaldia amaituta Jantoki Soziala egongo da. Segurtasun neurri guztiak beteko dira eta musukoak ekartzea beharrezkoa izango da.
Asier Pedrosa Untzilla
Hernaniko Gazte Asanblada