Hernaniar hori: Azken hilabeteetan bizi dugun egoera larriaren aurrean, herritar batzuk elkartu gara eta honen guztiaren harira gure ikuspuntua adierazi nahi dugu:
Pandemiaren aitzakiapean erakunde ezberdinak hartzen ari diren segurtasun neurriak direla eta, ozen esan behar dugu berauek ez direla inolaz osasun irizpideetan oinarritzen, baizik eta helburu politiko, ekonomiko edota bestelakoak dituztela ardatz. Argi dugu, bestalde, ezarri dizkiguten jokabide-arauek gu guztion giza-eskubideak urratzen dituztela eta ez dutela inolako berme juridikorik.
Neurri horietako asko gu gizakion duintasunaren aurkako eraso zuzena direla konbentzituta gaude, eta horri erantzuteko gure irmotasun guztia azaltzeko prest ere.
Musuko edo mozalaren inposaketaren aurrean gainera, gaitzespen tinkoena erakutsi nahi dugu, batetik, hura derrigortzea ebidentzia zientifikorik gabe hartutako erabakia izan delako, mediku askok eta askok ohartarazi bezala; pertsonaren osasunean kalteak eragin ditzakeelako, eta azken horien duintasunaren aurkako arbuioa kontsideratzen dugulako.
Gauzak horrela, hernaniarrei helarazi nahi diegu herrian bertan talde bat osatu dugula egoera latz honi aurre egiten hasteko. Gaurdaino markatu ditugun xede nagusien artean daude jendea koiuntura kezkagarri horren inguruan kontzientziatzea, hedabide hegemonikoen informazioa beste iturri alternatiboekin kontrastatzera bultzatzea, eta herritar bakoitzak dagozkion eskubideak ezagutu eta defendatzea.
Amaitzeko, aipatu behar dugu ondorengo asteetan zenbait ekimen egingo ditugula herrian barna gure ekinbidea aditzera emateko.
Osasunik gabe askatasunik ez. Esna Hernani.