Alarma egoeran geundela, drakoniar arau politiko batzuk inposatu zitzaizkigun, behar adina justifikaziorik gabeak, eta egoera hartan neurriz kanpokoak, agian beste idatzi batean jorratuko ditudanak. Orain, ustezko berragerraldiengatik, uztailaren 16az geroztik, maskararen derrigortasunaren inposaketarekin aire zabalean ere, bada garaia esateko nahikoa dela botere-abusu berri honi. Aditu asko daude (medikuak, birologoak…) pertsona osasuntsuek ez erabiltzea aholkatzen dutenak, eta hori berresteko azterlanak aurkeztu dituzte. Batzuk aipatuko ditut, nahi duenak egiazta ditzan: Karmelo Bizkarra, Natalia Prego, Angel Ruiz (bere adierazpenengatik kautelaz enplegua etenda), Russel Blaylock…
Maskara erabiltzeagatik aipatzen dituzten arrisku ugarietako batzuk larriagotu egiten dira ordutan erabiliz gero: buruko minak, oxigeno-falta eta odolean CO2 pilatzea (autopozoitzea). Honakoak izateko arriskua: konortea galtzea eta haren ondoriozko erorikoekin, bihotzekoak, garun-hodietako atakeak. Immunitatea gutxitzea (kutsatzeko joera handituz), inflamazioa, minbiziak hedatzea. Lehendik dauden larruazaleko patologiak larriagotzea, eritemak, dermatitisa, alergiak, errinitisa. Itotze sentsazioak eragindako antsietatea...
Hala ere, ez da azterketarik egin frogatu duenik oihal maskara batek edo N95ak Covid-19 birusaren transmisioan eragina daukanik.
Birus hori infekzio onbera samarra da herritar gehienentzat, eta arrisku taldeko gehienek ere (azpiko patologiak dituzten pertsonak) bizirik irauten dute. Birusa populazio osasuntsuenean zabaltzearekin, artaldearen immunitate maila batera nahiko azkar iritsiko litzateke (Suedian lortu dutena, hildako gutxiagorekin eta ekonomiak hemen izan dituen ondorio suntsitzailerik gabe), pandemia hau amaituko litzateke eta datorren neguan itzultzea saihestuko genuke.
Komunikabide ofizialen isiltasuna eta zentsura gorabehera, badakigu Espainiako estatuaren barruan zein kanpoan, gero eta mediku, irakasle... gehiago ari direla antolatzen gertatzen ari dena salatzeko. Baita herritarren artean ere, antolatzen ari gara. Bilbon eta Donostian elkarretaratzeak deitu dituzte ostiral honetarako, uztailak 24, eta mugimendu gehiago somatzen dira. Adi egotea tokatzen zaigu, dirudienaren aurrean indarrak batzeko.