Aurreko ostegunean, hilak 9, Hernaniko Sareko hiru kidek jaso genuen tratu agresibo eta autoritarioa salatu nahi dugu. Egun horretan 18:45ak aldera, herrian zehar Presoak Etxera lelopean SAREk uztailaren 23rako antolatu duen bizikleta martxarako kartelak itsasten ari ginela, bi ertzain gerturatu zitzaizkigun. Aipatu beharra dago, zeloarekin ari ginela jartzen kartelak; herriko paretak zainduz, kalterik sortu gabe eta maskarilak jantzita. Bi ertzainetako bat hasieratik oso modu autoritarioan aritu zitzaigun, jarrera oldarkor eta tonu txarrez zuzenduaz, ezin genituela kartelak jarri esanez eta horretarako leku egokiak zein diren bagenekiela gaineratuz. Horrez gain, jartzen ari ginen kartela eta aurretik jarritakoak kentzeko agindu zigun. Euren jarrera bortitzaren aurrean, moduak zaintzeko eskatu genien arren, entzungor egin eta alde egin zuten. Asteleheneko Kronika bidez jakin ahal izan dugu arratsalde berean, ertzainek antzeko jarrera oldarkorra erakutsi zutela gazte talde batekin ere, eta modu berean aritu ziren hainbat tabernetan ere. Gure haserrea edo sinistu ezina bueltaka dabilkigu oraindik ere, ez da erraza nola sentitu ginen adieraztea. Tamalgarria da konturatzea oraindik ere, zenbat gorroto dagoen eta zenbat lan dugun egiteko.
Gure herrian noiz izango dugu aukera inor iraintzen ez duten kartelak jartzeko ertzainen erasorik jasan gabe? Besteen jarrera mehatxatzaile eta autoritarioen aurrean, SAREko partaide garenez, Hernanin Bizikidetza sustatzen, Elkarbizitza lantzen eta gure ideiak defendatzen jarraituko dugu, herria eraikiz.
Maite Lizeaga Errazkin, Joxepi Etxebarria Iturralde eta Bego Arrondo Iruin, SAREko kideak.