JAOSTA BEZELA

Hamaika arrazoi

Erabiltzailearen aurpegia Asier Gutierrez Arribas 2020ko uzt. 10a, 11:12

Igandean hitzordu saihestezina dugu hautestontziekin eta politika instituzionalarekin. Hamaika arrazoi ditugu EH Bilduri botoa emateko. Aldaketa eta alternatiba sozioekonomikoa proposatzearekin batera, euskal estatu feminista eta sozialista bat sortzeko bidean ezinbestekoa den indar politikoa delako. Utopikoak garelako eta horretan tinko sinesten dugulako, igandeko emaitzen ondoren, utopia horretara hurbiltzeko lanean jarraitu beharko dugula jakin arren. 

Covid19aren krisiak berriz ere erakutsi digu komunitate kohesionatu batek bakarrik egin diezaiokeela aurre EAJren eta bere politika neoliberalen axolagabekeriari. Beraien lagun dirudunen irabaziei eustea da haien lehentasuna, publikoa dena pribatizatuz (Euskaltel, aurrezki kutxak, adinekoen egoitzak) edota ustelkeria zein iruzurra erabiliz (De Miguel kasua, Osakidetza, Bravo kasua). Politika horietatik urrun, herria zaintza-sareetan antolatu da eta osasun-arloko profesionalek beren bizitzak arriskuan jarri dituzte osasun krisiari aurre egiteko. 

Batzuek diru publikoa AHT edota Supersur bezalako azpiegituretan xahutu, Zalbidarren gertatutakoaren erantzukizunak ezkutatu eta enpresa handien interesak jendearen ongizatearen gainetik jartzen dituzten bitartean, gu pentsiodunak, prekarizatuak, feministak, sakabanatutako preso politikoen senideak gara, eta kalera ateratzen eta antolatzen jarraituko dugu, autodeterminazioa eskatu eta sistema justuago bat sortzeko, bizitzak erdigunean jarriz. Horregatik, utopiaruntz pauso bat emateko, igandean bozkatu EH Bildu. Eta jarraitu dezagun egunero antolatzen herria egiteko. 

 

Asier Gutierrez Arribas 
Sortuko militantea 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!