JASOTA BEZALA

Bihotzez, zorionak alkate jauna

Erabiltzailearen aurpegia Ion Azpiazu Goñi 2020ko uzt. 9a, 00:00

Hernaniko Kaxkoko bizilagunek urtetan aurkeztu ditugu salaketak, bai udaletxean, eta baita bizilagunen elkartean, Berriak merkatari eta ostalarien elkartean, Udaltzaingoan, Ertzaintzan, ETBn edota herriko egunkarietan; eta horien eraginez, eta pandemiak sortutako prebentzio beharragatik, ekainaren 19an bilera bat egin zuten herriko alkateak eta komertzio saileko zinegotziak, herriko ostalariekin. 25 bat ostalarik hartu zuten parte, erantzukizunak partekatzeko.
Udalak, bere aldetik, indartu du Udaltzaingoaren presentzia kaleetan, eta gogorarazi du, ezin dela kalean edan; beraz, kedada eta botelloien kontrol zorrotzagoa egingo du.
Ekainaren 20ko arratsaldetik, poliziaren bi kotxe Plazan zeudela, ekainaren 25era arte, esan dezakegu Kaxkoko tabernen eta autoritatearen agenteen jarrera, harrigarriak izan zirela. 
Segurua, harrigarria eta ausarta izan zen alkatearen jokabidea ere, komunikabideen aurrean, festarako gogoa zeukaten turistak gonbidatuz Hernanira ez etortzera, bertan ez zutelako aurkituko.
Udaltzaingoak ikusi genitu­en Andrekalen gauez paseatzen, turista eta tabernariekin hizketan, eta beste momentu batzuetan megafoniarekin, bertan zeudenak gonbidatuz erantzukizunak partekatu eta gomendioak betetzera, pandemiaren hedapena saihesteko.
Ezin zuten hutsik egin, eta arduragabe talde batek jarri zuen puntu iluna Atzietan, autoritateak esku hartzera behartuz, haiek sakabanatzeko.
Bikaina izan zen Kaxkoko tabernen jarrera, eta baita autoritatearen agenteena ere.
Hemendik gure zoriontze berezia alkateari eta komertzioko zinegotziari, egun horietan izandako jokabide ausartagatik, aurrerantzean ere jarraipena izatea espero duguna. Bihotzez, zorionak alkate jauna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!