JASOTA BEZALA

Gurasook ere, 'Murrizketarik ez!'

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Legorburu Arregi. Leoka Guraso Elkartea 2020ko uzt. 5a, 00:00

Uztailean gaudelarik, jada 2020-2021 ikasturtea hasi da. Baina hasiera beldurgarria izango du kurtsoak martxa honetan, Koronabirusaz gain Hezkuntza Sailak beste birus bat gehitzea erabaki baitu: MURRIZKETAK du izena. Guraso elkarte bezala, izugarrikeria eta astakeria bat dela deritzogu Hezkuntza Sailak gure ikastetxe publikoetan langile zerrendetan hartu dituen neurriei, hurrengo ikasturtea ez-ohikoa eta zalantzez betea izango dela badakigulako. Hezkuntzak, eskenatoki ezberdinak aurreikusi dituen arren, guzti haiek langile gutxiagorekin aurrera eraman litezkeela hobetsi du. Hezkuntzan, langile publiko guztiak dira garrantzitsuak baina batzuk, are eta estrategikoagoak suertatzen dira. Gure Hernaniko Elizatxo ikastetxearen kasuan, orain arte lanaldi osoz zegoen eta 334 haurren kudeaketa zeraman jangelako arduradunari, lanaldia erdira murrizteko proposamena iritsi zaio; adibidez. Lanaldia murriztu, jangelako jarduna hain garrantzitsua denean familien kontziliazioarentzat? Are eta gehiago, iraileko berritasun eta hartu beharko diren prebentzio neurrien aurrean?
Gure eskaera xumea da: Ikastetxetako plantillak mantendu eta indartu daitezela eskatzen dugu, gure haurren ikasketak eta osasuna bermatu daitezen. Honenbestez, Hezkuntzari baliabide publikoak hobetu eta gehitu ditzan eskatzen diogu, etorkizunari zain egon gabe. Etorkizuna, gure haurrak direlako, orain eta hemen gurekin dauden gure haurrak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!