JASOTA BEZALA

Eukaliptoa Urumea bailaran

Erabiltzailearen aurpegia Unai Erroitzenea Gamio - Ereñotzuko Auzo Udala 2020ko eka. 8a, 00:00

Azken urteotan agerikoa zen gure mendietan eukaliptoaren landaketa ugaritzen ari zela eta oraingo honetan are eta nabarmenago geratu da. Horretan, bere ekarpena egin du Ereñotzuko Etxola-Berri parajean egurzaleek egin duten zuhaitz mozketa eta landaketa berriaren gainean Haritzalde Naturzaleen Elkarteak egindako salaketak; orain artean, kezka, gaiaren gaineko sentsibilitate berezia zutenek baldin bazuten, jarduera honek beste auzotar askorengan barruak nahastea ekarri du.
Ereñotzuko Auzo Udalak bere kezka azaldu nahi du eukaliptoaren landaketa nagusitzen ari delako auzo udalaren lurralde eremuaren barruan, izan ere, ugariak dira eukaliptoaren monolaborantzak sortzen dituen kalteak nabarmentzen dituzten azterketak. Hor daude gaian adituak direnen azterketa ugari, non besteak beste, biodibertsitatearen nahiz inguruko ekosistemen gaineko kalteak, gure bailarako erreken nahiz Urumea ibaiaren hidrodinamikaren gainekoak edo inguruko fauna nahiz floraren gaineko kalteak aipatzen dituzten. Ezin dugu ahaztu ere, eukaliptoaren landaketak nagusitzen diren inguruetan sute arriskua asko handitzen dela. 
Gogoratu nahi genuke, inguru horietan, bai Hernaniko udalak eta baita Ereñotzuko auzo udalak ere bertako natur ondarea aztertu eta balioan jartzeko egitasmo ezberdinak diruz lagundu izan dituztela. Egitasmo horietan aurkikuntza garrantzitsuak egin izan dira eta, horretaz, badakite zerbait Joserra Diez, Ibai Olariaga eta Iñaki Sanz-Azkuek, Biologian adituak eta ikertzaileak. 2007az geroztik hainbat ikerketa egin dituzte bertan.
Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunarekin bat, aiapatutako hirukoteak, idatzi bat atera zuten hainbat medioetan eta ondoko eskaera egiten zuten: Urumea bailaran eukalipto landaketa gehiago ez egitea. Dagoeneko egin diren eukalipto landaketen artean korridore naturalak sortzea. Landaketak egin diren eremuetan, errekatik 100 metroko distantzian bertako basoa mantentzea edo errestauratzea, bisoiaren eta muturluzearen kudeaketa planek adierazten duten bezala. Basogintza plan egituratu eta antolatua izatea arro mailan, betiere, bertako ekosistemen eta espezieen kontserbazioa kontuan izanik. Bertako erreken eta espezie babestuen jarraipena egitea, ikerketa sustatuz, egin diren landaketek biodibertsitatean izan dezaketen eragina neurtzeko. Egiten diren basogintza lanek neurri zorrotzak betetzea eta jarraipena egitea. Bailara hauei babes-maila handiagoa ematea, aurretik planteatu izan diren mikroerreserba sare, Parke Natural eta KBE bilakatuz.Erakundeen eta ikertzaileen arteko koordinazioa.
Ereñotzuko Auzo Udalak bat egiten du eskaera horrekin eta, jakitun izanda ere arlo honetan eragiteko duen gaitasuna mugatua dela, Urumea inguruko natur-ondarea balioan jartzeko, ezagutarazteko eta babesteko konpromisoa hartzen du. Aldi berean, dei egiten diegu, arlo honetan zer esana duten eragile guztiei, konpromiso bera har dezaten. Bide horretan, Ereñotzuko Auzo Udala bidelagun izango gaituzue.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!