JASTOA BEZALA

'Izan Bidea' Hernanin

Erabiltzailearen aurpegia Joxepi Etxeberria Iturralde Itziar Mujika Garitano Hernaniko Sare 2020ko eka. 7a, 00:00

COVID-19ak eragindako itxialdiak bi hilabeteko etena eragin badu ere, Hernaniko sarekideok berriz martxan gara.
Jakingo duzuenez, azken egunotan, Sarek abian jarri duen IZAN BIDEA dinamikaren berri eman du komunikabideetan. Dinamika honen helburua p reso eta iheslarien auziari behin betiko aterabidea eskaintzeko urratsak ematea da. Euskal Herriko jendartearen gehiengoa dago nabarmenki gatazkaren konponbidearen alde, bizikidetzaren alde, bakearen alde eta euskal presoak eta iheslariak etxera ekartzearen alde. Kontsentsuak dagoeneko hor daude; helburua da kontsentsu horiek agenda politikoetara eramatea eta, horretarako, ezinbestekoa dugu jendartearen aktibazioan sakontzea, eta herri honen aniztasuna eta zabaltasuna helburu horietan batzea.
Izan bidea dinamika erronka batean oinarritzen da: 3.127.326 km egitea! Euskal Herriak duen biztanle-kopurua kilometrotan egitea, alegia. Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat, helburu batekin: bidea egitea, etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea. Hernaniko sarekideok erronka horri aurre egiteko gure plangintza propioa egiteko lehen urratsak ematen hasiak gara.
Gaur egun, euskal presoen artean 17 dira Hernanikoak.  Kartzeletaraino joan-etorriak kilometrotan kontatuz, gutxi gorabehera 20.000 km dira guztira, Hernaniko biztanleak adina kilometro. Beraz, biztanle bakoitzeko km bat zenbatzea dugu helburu. Ekimen hau aurrera eramateko pausuen berri datozen hilabeteetan jakinaraziko dizuegu. Covid 19a dela-eta, deseskalatzen goazen heinean, gure asmoak modu zabal eta eraginkor batean ezagutaraziko dizkizuegu.
Badakigu ez daukagula lan makala, baina gogotsu eta ilusioz gaude hernaniarrekin elkarlanean erronka berri honi aurre egiteko. Esan gabe doa, guztion ekarpenak ongi etorriak izango direla.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!