Jasota Bezala

Barearen ostean dator ekaitza

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Zabalegui Oyarbide 2020ko eka. 5a, 00:00

Eguraldi ona hasi eta bake-bakean zegoen Urumea ertzak hasi dira bisitariz betetzen. Ur garbi hauetan bainua hartzea ohikoa da, baina, tamalez, ohitura okerragoa ari da errotzen paraje hauetan, zabor poltsen etengabeko ugaritzea. Aurten gainera, ezohiko egoera honek bisitari gehiago ekarriko dituela iruditzen zaigu, hondartzen eta igerilekuen edukiera mugatua egongo baita. 
Bisitariek, gainera, parrillez gain lurreko suak pizten dituzte, horrek sortzen duen arriskuarekin (maiatzeko azken asteburuan ikusitako ekintza). Ikusita inguruak sasi, sastraka eta landarez beteta daudela, iruditzen zaigu horrek ondorio larriak ekar ditzakeela. 
Urumea bailara denok zaindu behar dugu, bertan urte guztian zehar ibiltzen garenok zein urte sasoi batean bakarrik etortzen direnek. Pasa den aste honetan ikusi dugu, urte guztian garbi egon den bailara zaborrez betetzen ari dela. Ikusten da jendearen kontzientziazio maila oso baxua dela eta oraindik asko dagoela jorratzeko.
Bisitan datozenei arduraz jokatzeko eskatzen diegu, sortzen dituzten zaborrak behar bezala kudeatuz eta arretaz jokatuz. Garbi mantendu dezagun daukagun altxor hau.


Joseba Zabalegui Oyarbide

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!