Duela hilabete, oharkabean, pandemia larri batek gizartea geldiaraziko zuelako berria iritsi zitzaigun. Gobernuek beste aukerarik ez zutela ikustean, neurriak hartu zituzten pandemia honekin buka dezagun. Hori dela eta, gure
etxeetan geratu behar izan dugu, ilunbarrero gure leihoetara ateratzen, osasun-langileek egiten duten lana eskertzeko. Pandemia larri honek hausnarketarako tarte asko eskaini dizkigu; eta atzo, honen inguruan egon nintzen nire buruarekin eztabaidan: zergatik ez da krisi klimatikoa koronabirusa bezalako larritasunez tratatzen? Alde batetik, aldaketa klimatikoaren ondorioen kalteak emeki-emeki ikusten ditugu koronabirusarenak ez bezala.
Dakusagunez, herrialde kaltetuenak garatzeko bidean daudenak dira, eta begiak ondo ireki behar ditugu, aldaketa klimatikoa marketinaren gakoa bihurtu baita azkeneko urteetan. Ondorioz, enpresa askok nahiago dute arazoarekin duten inplikazio aizuna adierazi, aldaketa klimatikoarekin bukatu beharrean, azken finean, irabaziak ez ezik gizartearen onarpena ere lortzen baitute.
Bestetik, aldaketa klimatikoak sorrarazten dituen ondorioak (itsas mailaren igoera, poloen desizoztea…) gure gizartean barneratu ditugu, eta ez gara ohartu koronabirusa aldaketa klimatikoaren ondorioetako bat dela. Horregatik, gerorako utzi dugun arazoa izan da. Era berean, ekosistemak etengabe suntsitzen ditugu, eta azken hauek funtzio eustailea
dute, besteak beste, oihaneko animalien artean ohikoak diren gaitzak isolatzen dituztelako. Beraz, koronabirusa bezalako gaixotasunak gizakiok geureganatuko ditugu.
Laburbilduz, koronabirusak ondorio latzak utzi dizkigu tarte laburrean. Ondorioz, herrialdeek haren aurkako estrategiak
garatu behar izan dituzte ahalik eta azkarren munstro honekin buka dezagun. Hala ere, ezin dugu aldaketa klimatikoa alde batera utzi, koronabirusa haren ondorioetako bat baita. Hortaz, jakinarazi behar diegu gobernuei aldaketa klimatikoarekin bukatu nahi dugula, beranduegi izan baino lehen.